Kolorez jantzi da Lazkao Kuadrilla egunean
Kuadrilla eguna ospatzen ari dira lazkaotarrak, eta alkandora koloretsuz jantzita atera dira kalera lagun taldeak. Bihar emango dituzte bukatutzat aurtengo San Prudentzioak.

San Prudentzio jaien azken txanpan sartuta daude lazkaotarrak. Kuadrillen eguna dute gaur, eta alkandora koloretsuz jantzita atera dira kalera lagun taldeak. Eguraldia lagun dute, eta Incansables txarangaren doinuek ere girotu dute bazkal aurreko poteoa. Arratsaldean ere 17:30etatik aurrera ‘Mugitu zaitez’ haurrentzako ikuskizunarekin segiko du egitarauak, eta bukatu bezain pronto hasiko da Burrunba elektro-txaranga Lazkaoko kaleak erritmo, musika eta dantzaz betetzeko. Gauean, berriz, hainbat kontzertu izango dira Lazkaon. Sünek kontzertua emango du plazan, 21:00etan, eta afalostean ere izango da zer gozatu toki berean, Muxutruk Erromeri taldeak joko baitu 23:30etatik aurrera. Txosna guneetan, berriz, plazako karpan Fitoskins, La Txama, Skaregekasko eta Dj Fulanak girotuko dute gaua, eta skatepark-eko karpan, ordea, 20:00etatik aurrera, Hazas eta Jagoba, Derrumbe eta Dj Pibikens izango dira entzungai.
Bihar, azken eguna
Bihar amaituko dira astebetez luzaturiko Lazkaoko jaiak. Hainbat lehiaketa eta kirol erakustaldi izango dira egunean zehar: Goizeko 11:00etatik hasita, San Prudentzio igeriketa saria jokatuko da; ordubete beranduago, 35. bakailao lehiaketa eta herri kirol erakustaldiak egingo dira; arratsaldean, berriz, 16:30ean, Toka txapelketa eta urteroko Lazkaoko Musika Bandaren kalejira; 17:30ean, berriz, 43. Dantza sueltoko txapelketa izango da, eta ohiko ohiturekin jarraituta, aurtengoan ere, Lazkaoko Musika Bandaren kontzertuarekin amaituko dute eguna, baita Rockalean taldearen kaleko ikuskizunarekin ere.