LAB sindikatuak salatu du Beasaingo Udalak «zentsura» ezarri diola
Maiatzaren Leheneko mobilizazioetarako sortu duten leman azaltzen den hitz batek eragin du auzia.

LAB sindikatuak publikoki salatu du «Beasaingo Udalak zentsura ezarri diola LABen Maiatzaren Lehenari». Maiatzaren Lehena Langileen Nazioarteko Egunaren bueltan, mobilizatzeko deia egin ohi dute sindikatu desberdinek. Aurten ere, aurrekoen bide beretik, manifestazioa deitu du LAB sindikatuak, Donostian, 12:00etan, Easo plazatik abiatuta. Mobilizazioa iragartzeko helburuarekin, Euskal Herri osoko herri eta auzoetan dinamikak burutu ditu LABek, sindikatuak zehaztu duenez, «normaltasun osoz, Beasainen izan ezik». Izan ere, LAB kexu da, Maiatzaren Leheneko mobilizaziora dei egiteko pankarta jartzeko baimenik ez diolako eman Beasaingo Udalak. «Aurrekaririk gabeko gertaera bat» dela adierazi du sindikatuak.
Antza denez, pankartaren leloa izan da arazoa. Patronala esplotatzailea. Langileen alde, gutxieneko soldata eta pentsioak hemen erabaki da aukeratu duten leloa. LABek esan duenez, Beasaingo Udalak eman duen erantzuna hau da: «Leman agertzen den esplotatzailea hitza iraingarria da» eta «hitz hori lematik kentzen ez den bitartean, ez da baimenik emango».
LAB sindikatuak leloa «justifikatuta» dagoela arrazoitu du. «Aurtengo Langileon Nazioarteko Eguna gutxieneko soldataren zein pentsioen gaiak ezaugarrituko du. Euskal Herrian soldata eta pentsio duinen alde garatzen ari diren dinamikak hauspotu, eta Confebask eta CEN patronala haien aurka izaten ari diren jarrera salatuko du sindikatuak».
LAB sindikatuak azpimarratu duenez, gutxieneko soldata eta pentsioak «funtsezko neurriak dira aberastasuna banatzeko, langileen artean arrakalak murrizteko eta guztiontzat bizi baldintza duinak bermatzeko». Horregatik, LABek eta gainerako sindikatuek «negoziazio mahai batean esertzea» eskatu diote patronalari. «Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabal batek eta Eusko Jaurlaritzak ere egin du eskaera bera», nabarmendu dute sindikatutik. Hori horrela izanik ere, LABen hitzetan, «patronalak uko egin dio elkarrizketari, gutxieneko soldata adosteari ateak itxiz, langileak esplotatzen jarraitu nahi duelako».
Hori eta beste hainbat arrazoi plazaratu ditu sindikatuak bere salaketa berresteko, adibidez, «23 hitzarmen sektorial berritzeari uko» egin diotela «soldata arrakalari eutsiz».
Gauzak horrela, LABek uste du «arrazoi nahikoa» dutela lema hori erabiltzeko eta udalari eskatu diote «jarrera alda dezala»