Federico Gallok ez du Ampo Ordiziako entrenatzaile jarraituko
Argentinarra ia hiru urte aritu da entrenatzaile lanetan Ordizia Rugby Elkartearen lehen taldean, 2022an hasita.

Federico Eduardo Gallo argentinarrak ez du Ampo Ordiziako entrenatzaile izaten jarraituko. Hala jakinarazi du Ordizia Rugby Elkarteak sareetan zabaldutako komunikatuan: “Federico Gallok amaitu du Ampo Ordiziako entrenatzaile zikloa”.
Hiru denboraldi eman ditu argentinarrak OREren lehen taldeko entrenatzaile lanetan. Ia hiru urte pasatu dira hasi zenetik; 2022ko abuztuan eman zuen klubak entrenatzailearen berri. “Eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Federi urte hauetan izan duen profesionaltasunagatik eta hartu duen konpromiso haustezinagatik. Zorte on opa dizugu zure erronka pertsonal eta profesional berrietan, entrenatzaile gisa arrakasta izaten jarraituko duzulakoan”, adierazi du OREk.
35 urterekin iritsi zen Ordiziara, eta 38 urterekin badoa, kontratua amaituta. Iritsi zenean, Union Rugby Buenos Airesko hautatzailea izandakoa zen, 17 urtez azpikoen mailan, baita URBA top 12ko txapeldunordea ere. San Isidro klubean eman zituen bere ibilbideko azken pausuak Ordiziara ailegatu aurretik.
Iñigo Marotiasen lekukoa hartu zuen 2022an. Ligako txapeldunorde izan zen taldea argentinarra iritsi aurretik, Marotiasen gidaritzapean, eta Kopan finalerdietara iritsi ziren.
Taldean eta klubean aldaketak izan ziren denboraldi amaiera hartan, eta Gallorekin, 2022-2023 denboraldian, B taldean sailkatu zen Ampo Ordizia, baina ligako titulurako play-offetan sartzea lortu zuten. 2023-2024 denboraldia ere trantsizio garaia izan zen; taldea B multzoan sailkatu zen eta Ohorezko Mailan mantentzeko borrokan ibili ziren. Azken denboraldi honetan, taldea Ohorezko Mailan jarraitzeko lan egin du, eta lortu dute.