Ireki dituzte Enirio-Aralarko larreak
[ARGAZKIAK ETA BIDEOA] 15.700 ardi, 1.085 behi eta 1.020 behor larratuko dituzte abeltzainek urtarrilaren 31ra bitartean. Iker Irribarria pilotari ohi eta Aramako zinegotziak eta Joxean Irastorza Enirio-Aralar Mankomunitateko mendizainak bota dute txupinazoa.

Iaz euripean izan zen. Aurten, ordea, eguraldi bikainarekin ospatu dute Enirio-Aralar Mankomunitateko larreak irekitzeko festa, Larraitzen (Abaltzisketa), ohi bezala Maiatzaren Lehenean. Eguzkia atera da eta bero zegoen giroa goiz-eguerdi partean. Jende asko hurbildu da Larraizko aparkalekuetan kokatuta zeuden postuak ikustera, abereak ikustera, produktuak erostera, taloa jatera edota giroaz gozatzera.
10:00etan hasi da festa. Artisau produktuak, eztia, ardi eta ahuntz gazta, taloak, baserriko ogia, orein produktuak, sagardoa… jarri dituzte salgai postuetan. Aldi berean, ondoren larreetara eraman dituzten abereen erakusketa egon da. Abarlotz Olanok kantaldia eskaini du festa gunean, eta eguerdian, 12:00etan, larre irekiera ekitaldia egin dute.
Iker Irribarria pilotari ohi eta Aramako zinegotziak eta Joxean Irastorza Enirio-Aralar Mankomunitateko mendizainak bota dute txupinazoa. Jarraian, abereak, ardi, behor eta behiak, larreetara eraman dituzte abeltzainek. Langa ireki eta hiru multzotan sartu dira mendialdera.
Bederatzi hilabete
Aurten, 17.805 buru larratuko dituzte mankomunitateko larreetan: 15.700 ardi, 1.085 behi eta 1.020 behor. Azken urteetan, ardien kopurua jaitsi egin da, behorrena igo, eta behiena berdin mantendu da. Bederatzi hilabeteko larrealdia izango da. Urtarrilaren 31ra arte egongo dira zabalik Enirio-Aralarko larreak abeltzainentzat.
Irekiera ekitaldiaren ondoren, herri kirolak izan dira: aizkoran, Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Joxean Etxeberria; eta harri jasotzen Ainitze Zumeta. Maialen Akizuk eta Bixente Gorostidik bertsotan egin dute.















































