Mariren jaitsieran parte hartzeko izen ematea zabalik dago
Plazako eremuan 340 gaztek dantzatzeko tokia izango da. Maiatzaren 4ra arte eman daiteke izena udalaren webgunean. Maiatzaren 6an egingo da partaideen zozketa Arrano Kulturaren egoitzan.

Beasaingo Loinatz jaien hasierako ikurra den Mariren jaitsieran parte hartzeko izen ematea zabalik dago. Arrano Kulturak antolatuko du 35. urtez, Beasaingo Udalaren, Loinatz abesbatzaren, Aurtzaka dantza taldearen eta antzerki taldearen laguntzarekin.
Loinatz jaiei hasiera ematen dien ekitaldi honek urte askoko ibilbidea egin du dagoeneko, eta ezbairik gabe, Loinatz jaietako ekitaldi arrakastatsu eta jendetsuena bilakatu da. Festa lehertzen den unea da, dantza, musika, antzerkia eta tradizioa biltzen ditu ikuskizun bakarrean. Beasaindarrentzat eta bereziki gazteenentzat, hutsik egin ezin daiteken hitzordua da.
Batik bat, ekitaldiak erakartzen duen jendetzarekin lotuta, hainbat neurri hartu zituen antolakuntzak iaz, aurten ere mantenduko direnak. Hain zuzen ere, plazan dantza egingo duten pertsonen kopurua mugatua izango da, ekitaldiaren ikusgarritasunagatik eta bertaratzen diren guztien segurtasunagatik. 340 dantzarirentzat izango da tokia: 40 oholtza gainean (2008. urtean jaiotakoak) zozketaz aukeratuko direnak; eta 300, oholtzaren inguruan, bigarren zozketa baten bidez aukeratuko direnak. Zozketetan aukeratuak izan ez direnek Kale Nagusian izango dute dantza egiteko eremua.
Entseguak
Beti bezala, Aurtzaka Dantza Taldeak hiru entsegu saio antolatuko ditu dantzarien trebetasuna lantzeko. Entseguak ondorengo data, ordutegi eta tokitan izango dira: maiatzaren 9an eta 23an, Ezkiaga frontoian 19:00etan; eta maiatzaren 30ean, San Martin plazan, 20:00etan.
Maiatzaren 30eko entsegua baliatuko da oholtzan eta plazan dantza egingo duten dantzariei dagozkien zapiak banatzeko, 19:00etatik 20:00etara, plazako arkupeetan.
Izen ematea eta zozketa
Zozketetan parte hartu ahal izateko sistema pixka bat aldatuko da aurten. Udalak bere web orrian horretarako irekiko duen atalean eman ahal izango da izena. Maiatzaren 4ra bitartean egin ahal izango da.
Zozketa maiatzaren 6an Arrano Kulturaren egoitzan egingo da eta izena eman dutenek maiatzaren 7tik aurrera kontsultatu ahal izango dute zer lekutan tokatu zaien, zozketa.beasain.eus/eus atarian NAN zenbakia sartuta. Hiru aukera hauetako bat egokituko zaie: oholtza gainean; plazan, lurrean; edo Kale Nagusian.
Edozein galdera, zalantza edo kexu adierazteko komunikazioa.arranokultura@gmail.com epostara zuzendu behar da.