Olaberriko 2. mus txapelketarekin hasiko dituzte auzoko jaiak, bihar iluntzean
21:00etatik 21:30era egongo da irekita mus txapelketarako izena ematea bihar. Txupinazoa larunbatean da, 12:00etan.

Zegamako Olaberri auzoan ere festa giroko asteburua izango dute hau. Auzoko jaiei hasiera ofiziala emango dien txupinazoa larunbat eguerdian botako duten arren, bihar iluntzean hasiko dira girotzen, Olaberri auzoko 2. mus txapelketarekin. 21:00etan emango diote hasiera txapelketari eta 21:00etatik 21:30era arteko epea izango dute zaletuek izena emateko. Bikoteko 20 euro ordaindu beharko da.
Jaien mardula egun bakarrean pilatuko da, ohi bezala. Larunbatean, meza izango dute Olaberriko ermitan (11:00) eta haurrentzako txirrindularitza froga (11:30), ondoren. Txupinazoa 12:00etan jaurti eta gero, toka txapelketa izango da haur zein helduentzat. Bazkaria (14:30), haurrentzako jolasak (16:30) eta herri kirol jaialdia (18:30) izango dira arratsaldean eta Fan & Go taldearen erromeria (20:30) amaitzeko.