Pilota jaialdia, San Migel jaien iragarle
Igande honetan abiatuko da San Migeletako pilota txapelketa. Ezkioko pilota eskolako 18 pilotarik hartuko dute parte.

Urtero, San Migel jaien inguruan antolatzen duten pilota jaialdiari hasiera emango dio Ezkioko pilota eskolak igandean. Antolaketa aldatu dute aurten eta denbora faltak eraginda Ezkioko pilota eskolako pilotariek soilik hartuko dute txapelketan. Igandean, haurren eta hasi berrien mailako kanporaketako ligaxkak jokatuko dira hiru modalitateetan, 16:00etan hasita.
Ezkioko pilota eskolako pilotari guztiek hartuko dute parte txapelketan, 18 orotara. Igandean binakako kanporaketak jokatuko dituzte, haurren mailako bat eta hasi berrienean bestea, eta banakako kanporaketa ere bai haurren mailan. Alex Fernandez pilota eskolako kideak esan duenez, «ligaxka moduko bat jokatuko dute guztien artean eta maila bakoitzean sailkatutako lehendabiziko biek finalak jokatuko dituzte». Finalak Ezkioko San Migel jaien barruan izango dira: maiatzaren 9an, 16:00etan. San Migel jaiak maiatzaren 8tik 11ra ospatuko dituzte.
Eskola osasuntsu
Herriko haur eta gazteen artean pilotarekiko zaletasuna egon badagoela uste du Fernandezek, «gustura aritzen dira pilotan eta orain arte, hasitako guztiek jarraitzen dute eskolan. Gustura etortzen direla esaten digute». Izan ere, Ezkiokoa pilota eskola baino gehiago elkargune bat da haur eta gazteentzat, «gurea ez da ohiko pilota eskola. Lagunekin elkartzeko lekua da eta pilotan jokatzeaz gainera, bestelako jolasak ere egiten ditugu», dio.
Pilotari gehienak mutilak dira baina badira pilotak jokatzen duten neskak ere, «etortzen dira pilota eskolara, gustura ibiltzen dira baina gero, ez dute txapelketetan parte hartu nahi», kontatu du.
Antolaketa lanetarako denbora faltagatik, aurten ez dute helduen txapelketarik antolatu, ezta pasa den urteetan egin ohi zuten moduan inguruko herrietako pilota eskolarik ere gonbidatu. Datorren urteari begira konpromisoa hartu dute eta bi modalitateak berreskuratu nahi dituzte San Migeletako pilota txapelketarako.