Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen eguna ospatu dute Aizpittan
Zeraingo turismo bulegoak ekintza xume bat antolatu zuen atzo Zeraingo herri eskolako haurrak gonbidatuta. Eskolan Aizpea meatze gunearen maketa egin dute egun hau ospatzeko.

Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen eguna ospatu zuten atzo Zeraingo Aizpea meatze gunean. 2009az geroztik da Zeraingo Aizpea meatze gunea Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen parte eta atzokoa, Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen eguna ospatzen duten hirugarren ekinaldia izan zen.
Zeraingo Aizpea meatze gunea eta Gipuzkoako beste hainbat ondare elementurekin batera Andorra, Herrialde Katalanak eta Frantziako beste batzuk ere osatzen dute Pirinioetako Burdinaren Ibilbidea. Egun hau ospatzearen arrazoi nagusia tokian tokiko ondarea ezagutzera ematea da eta Zerainen kasuan, ibilbide horren parte ere badela ezagutzera ematea.
Arkitektura aurtengo gaia
Burdinaren Ibilbidea osatzen duten herrialde ezberdinetako museo-elementu guztiek gai jakin baten bueltan ospatzen dute egun hau, eta aurten aukeratutakoa arkitektura izan da.
Pirinioetako Ibilbidearen eguneko ospakizuna Zeraingo turismo bulegoak antolatu du eta herri eskolako haurrekin batera ekitaldi xumea burutu zuten atzo goizean. Eskola ikasleetako batzuk, helduenak, oinez egin zuten Zerain eta meatze gunea lotzen dituen bidea eta gazteenak taxian gerturatu ziren bertara. Eskolako ikasleek azken asteetan egindako Aizpeako meatze gunearen maketa eraman zuten ekitaldira, antolatzaileek sorpresarako. Maketa aurkeztu eta gero, meatze gunean zehar bisita egin zuten eta hamaiketako baten eman zuten amaitutzat goiza.
Turismo bulegotik jakitera eman dutenez maketa Aizpittako interpretazio zentroan egongo da ikusgai datozen egunetan, eskolako haurrek egindako lan apartaren erakusgarri.