Salaberria anai-arrebek jantzi dute txapela bakailao lehiaketan
Hamahiru bikotek parte hartu dute elkarteek antolatutako bakailao lehiaketaren 35. edizioan. Ikusi bideoa eta argazkiak albistean.

Lazkaoko festetako azken egunean, bakailao lehiaketa herrikoia egin dute, plazako frontoian. Aurtengoa 35. edizioa izan da. Hamahiru bikotek parte hartu dute, eta bikoteko lapikokada bat bakailao tomatearekin prestatu behar izan dute. Maizpi elkarteari egokitu zaio aurten lehiaketa antolatzea, herriko beste soziedadeetako kideen laguntzarekin.
Iñigo eta Virginia Salaberria anai-arrebek aurkeztutako platera izendatu dute irabazletzat epaimahaikoek. Txapela bana eta lau lagunentzat afaria ere jaso dute saritzat.
Epaile lanetan Gina Saru Herriko elkarteko, Iñigo Gomez Maizpi elkarteko, Valentin Celis Salbatore Hoteleko eta Maitte Garmendia Maitteko ordezkariek garbi apartatu dituzte 13etatik hiru onenak. Aurkezle eta esatari lanetan Oihana Sarasola jardun da.
Bikote bakoitzari bina kilo bakailao gazitu eman dizkio antolakuntzak; norberak gezatu du, bakoitzaren gustura. Horrez gain, 30 euro ere eman zizkieten, beharrezko gainerako osagaiak erosteko. Prestaketa guztia frontoian bertan egitea da lehiaketaren baldintza bat. Herritarren artean banatu dituzte lehiaketako bakailaoak, irabazleena izan ezik.

















