Zumarraga-Donostia autobus linea berrian errefortzuak jarri dituzte
07:15ean ateratzen den zerbitzuan errefortzuko autobus bat jartzea erabaki du aldundiak, "eskaera handia dela eta".

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko Zumarraga-Donostia linea berrian errefortzuak jarri ditu, “erabiltzaileen eskaera handia dela eta”, aldundiak ohar batean jakinarazi duenez. Zumarragatik 07:15ean ateratzen den espedizioan errefortzuko autobus bat jarzea erabaki dute, “inor autobusera sartu ezinik gera ez dadin”.
Apirilaren 28an jarri zuten martxan linea berria, eta itzalaldia gertatu zen egun berean. Horrek jende askok trenaren ordez autobusa hautatzea eragin zuen, eta jendea sartu ezinik geratu zen. “06:15eko espedizioan eta trenbide sareari eragin zion itzalaldi elektrikoaren ondoren, zerbitzua indartu zen”, esan du aldundiak.
Erabilera datuak aztertu dituzte, eta jarraituko dutela agindu dute: “Lurraldebuseko gainerako lineekin egiten ari garen bezala, etengabe aztertzen ditugu dauden beharrak, ematen dugun zerbitzua egokitu ahal izateko eta inor gure autobusetara sartu ezinik gera ez dadin”.
Linea berriaren balorazio “oso positiboa” egin du Azahara Dominguez mugikortasun diputatuak: “Harrerak erakusten du oso garrantzitsua zela erreklamazio historiko horri erantzutea”.