Sukalde berria Gaztelekuan
Asteburuan estreinatuko dute. Erabiltzaileen artean egindako parte-hartze prozesu baten emaitza izan da.

Ordiziako Gaztelekuak sukalde berria estreinatuko du asteburuan. Udalak adierazi duenez, sukaldea “gertuko eta tokiko produktuekin” eraberritu da eta udal langileek egin dute. Inbertsioak 9.307,47 euroko kostua izan du. Bina su, labe eta hozkailu jarri dute, baita altzari berriak ere. “Lekua ere pixka bat zabaldu egin da, lehengoa txiki gelditu baitzen”.
Lukusain plazako nerabeentzako zerbitzua 2007ko azaroaren 24an inauguratu zen. Aurrez, La Milagrosa eraikinean egon zen. Marta Ortega gazteria eta euskara zinegotziak azaldu duenez, hiru zerbitzuk erabiltzen dute sukaldea Gaztelekuan: asteburuetan, Gaztelekuko erabiltzaileek, eta astean zehar kale heziketa programako erabiltzaileek edota Ongi Etorri Euskarara ikastaroetako erabiltzaileek. “Batez ere asteburuetan jende asko elkartzen da, eta pilaketak gertatzen ziren, zaharkituta zegoen eta ez zen batere erosoa”.
Koro Ruiz gazteria teknikariak esan duenez, sukaldea “erabilera anitzekoa” izango da: “Funtzionalitatea eta praktikotasuna lehenetsi ditugu, eta erabiltzaileen segurtasuna bermatu nahi izan da”.
Parte hartze prozesua
Gaztelekuko berrikuntzekin hasi aurretik, parte hartze prozesu bat egin zuten zerbitzuen erabiltzaileen eta monitore edo arduradunen artean beharrak ezagutzeko, eta horren emaitza izan da sukalde berria.