Indar Ingeteam lantegian gertatu den lan istripua salatzeko lanuztea egin dute langileek
Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, asteazkenean gertatu zen lan istripua. Langilea zainketa intentsiboetako unitatetik atera da baina zauri larriak ditu eskuetan. Protestaren bidez "prebentzio neurri eraginkorrak" eskatu dizkiote enpresaren zuzendaritzari.

Pasa den asteazkenean lan istripua gertatu zen Beasaingo Indar Ingeteam enpresan. Langileari elkartasuna adierazteko eta enpresari ahalik eta bizkorren langileen segurtasunaren aldeko neurriak har ditzala eskatzeko lanuztea egin dute langileek eta enpresaren atarian elkarretaratzea egin dute gaur.
Indarren ekoizten den makina bati froga elektrikoak egiten ari zela deskarga handi bat izan zuen langile batek lesio larriak eraginez. Langilea zainketa intentsiboetako unitatetik atera da baina zauri larriak ditu eskuetan.
Enpresa Batzordeko ordezkariek kezka adierazi dute gertatutakoaren aurrean. “Denbora daramagu prebentzioaren alorrean Indarrek duen jarrera salatzen. Azken asteetan hainbat elkarretaratze egin ditugu prebentzio neurri eraginkorrak eskatuz, gure iritziz enpresa itxurakeriaz jokatzen ari baita alor honetan, ekoizpena segurtasunaren aurretik jarriz langileentzat arriskuak ekidin gabe”.
Azken gertakari honek, Enpresa Batzordearen kexari “arrazoia” ematen diola adierazi dute. Langile Batzordeko ordezkariek azpimarratu dutenez “ekidin zitekeen istripua da, zalantzarik gabe”.
Horregatik, “prebentzioaren alorrean jokabidea aldatzeko eta behar diren neurriak har ditzala” eskatu diote Indar Ingeteameko zuzendaritzari.
Jarraian, enpresa batzordeak deituta egin duten mobilizazioaren bideoa: