Loinatz Udal Musika Eskolak gaur irekiko du matrikulazio epea
Matrikulazio epea maiatzaren 18an itxiko dute. Askotariko profilentzat duten eskaintza ezagutzeko ate irekien egunak antolatu dituzte aste honetarako.

Loinatz Udal Musika Eskolak 2025-2026 ikasturterako matrikulazio epea zabalik izango du gaurtik maiatzaren 18ra. Askotariko profilen beharrak asetzeko ikastaro eskaintza izango dute: musika tresna bat jotzen ikasi nahi dutenentzat, aspaldi jotzeari utzi eta berreskuratu nahi dutenentzat, edo talde batean jo nahiko luketenentzat, besteak beste.
Irakasleak ezagutzeko, saioak nolakoak diren gertutik ikusteko edota zerbitzu guztien karta ezagutu nahi duten haientzat, ate irekien egunak antolatu dituzte ondorengo egun, modalitate eta ordutegian: gaur, trikitixa eta panderoa (16:00), akordeoia (17:00), perkusioa (18:00) eta pianoa (19:00); bihar, asteartea, flauta (16:00), kantua (16:00), txistua (17:00) biolina eta biola (18:00) eta tronpeta eta tronboia (19:00); eta ostirala, hilak 9, klarinetea (16:00) eta gitarra klasikoa eta elektrikoa (17:00).
Bestalde, aurreratu, maiatzean zehar Musika Garaia zikloa antolatu duela musika eskolak. Sei ekitaldik osatuko dute. Hitzaldiak, kontzertuak eta bestelako ekintzak izango dira.