Txapa banaketarekin abiatuko da Euskaraldiaren egitaraua Ormaiztegin
Asteazkenean eta ostiralean banatuko dituzte herriko gune ezberdinetan. Maiatzaren 15ean hasiera ekitaldi betea antolatu dute. Dagoeneko salgai, maiatzaren 23ko bertso afarirako txartelak.

Maiatzaren 15etik 25era burutuko da aurten Euskaraldia eta Ormaiztegin ere egitarau oparoa prestatu dute Euskaraldiaren aitzakian. Asteazkenean hasi eta maiatzaren 23rta arte makina bat ekintza dituzte aurreikusita dagoeneko.
Euskaraldiarekin lotuta, nabarmentzeko lehendabiziko ekintza Ormaiztegiko Hamaikakoarena izan zen. Apirilaren 6an egin zuten aurkezpena eta taldeko argazkia eta ordutik deskantsurik gabe lanean dabiltza. Kepa Itsasmendi, Bilal Dhaili, Aitzol Kallejo, Iñaki Rezusta, Arantzazu Zabaleta, Iñaki Leturia, Oihane Murua, Edurne Blanco, Kepa Jaka, Mila Repiso eta Asun Mendizabalek osatzen dute Hamaikakoa; argazkian agertzen ez bada ere Lur Zufiria herritarra ere, Hamaikakoaren parte dela jakinarazi dute taldekideek.
Txapa banaketa
Hain zuzen, txapa banaketarekin ekingo diote asteazkenean antolatutako egitarau oparoari. Gizarte etxean (11:30-12:15) eta eskola aurrean (16:00-16:45) jaso ahal izango dituzte Aho Bizi edo Belarri Prest bereizgarriak eramango dituzten txapak, aurrez egitasmoan parte hartzeko izena eman duten herritarrek. Berdin maiatzaren 9an, udaletxe aurrean (18:30-19:15). Egun hauetan txapak jasotzeaz gain, izena emateko aukera ere egongo da; baita hala nahi duenarentzat Euskaraldiko produktuak erostekoa ere.
Maiatzaren 15erako hasiera ekitaldi betea antolatu dute. Aurtengo Euskaraldiari musika jarri dion Bulego taldearen Gure bihotzaren taupadak euskaraz dira abestiarekin taldeko argazkia egingo dute eskolan 15:30ean. Herriko plazan, murala sortu eta aurpegiak margotzeko aukera izango da gero, 18:00etatik aurrera eta 19:00etan, Euskaraldiko abestiarekin dantza egitera gonbidatu dituzte herritar guztiak.
Hitanoa eta bertsoak
Maiatzaren 16an ostiralez Bustirialdeko Ein GO! taldearekin hika-poteoa antolatu dute 19:15etik aurrera. Izan ere, Euskaraldiarekin batera, hitanoa hauspotzeko helburuarekin Hikaldia ere proposatu dute aurtengo ekinaldirako. Hain zuzen, Ormaiztegiko batzordeak hitanoa erabiltzeko konpromisoa hartu du aurten Hikaldian izena emanda eta horretara animatu dituzte baita, gainontzeko herritarrak ere. Ein GO! taldeak eskainiko dituen abestien eskuorriak Ormaiztegiko hitanoan banatuko dituzte.
Gainera, maiatzaren 23rako bertsoa afaria ere antolatu dute. Aratz Igartzabal, Potto eta Eneko Araiztegi, Korta arituko dira bertsotan Baso-Txulo elkartean 21:00etatik aurrera. Afarirako txartelak dagoeneko salgai daude Ormaiztegi App-ean maiatzaren 18ko gauerdira bitartean. Afarirako txartelak 20 euro balio du eta menua ondokoa izango da: baratxuri zopa, solomoa tomate eta piperrekin eta arroz esnea. Kafea, pastak eta pattarra eta ogia, ura, sagardoa eta ardoa barne. Afal ondorenean, edariak elkarteko barran erosteko aukera ere izango da.
Euskaraldiaren erronka
Euskaraldia hizkuntza ohituretan eragin eta euskara gehiago egiteko ariketa praktikoa da. Hau da, «euskara gehiago, gehiagotan eta jende gehiagorekin egiteko elkarrekin egiten dugun ariketa sozial erraldoia». Hala, euskara ulertzen duten —ez da beharrezkoa guztiz menderatzea— 16 urtetik gorako herritar guztiek har dezakete parte bertan. Hamaika egunez, txapa soinean lehendabiziko hitza beti euskaraz egitea izango da erronka nagusietako bat.