Antzizargo biribilguneko lanak, bukatzear
Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, zirkulazioa berrantolatu eta segurtasuna hobetuko ditu. 600.000 euroko inbertsioa izan da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aste honetan amaituko ditu Beasaingo Antzizargo biribilgune berria eraikitzeko lanak. Obra horri esker, GI-2632 errepidearen eta Igartza-Oleta bidearen arteko “T” formako bidegurutzearen ordez, “biribilgune seguruago eta funtzionalago bat eraiki da”.
Lanak urrian hasi ziren eta 599.902 euroko inbertsioa izan dute; egunotan amaituko dira, asfaltatze eta margotze lanak bukatzearekin batera, betiere eguraldiaren baldintzen arabera.
Segurtasuna indartzea
Proiektuaren helburu nagusia izan da trafiko handiko puntu horretan “segurtasuna indartzea”. Inguruko udalerrietako ibilgailuen fluxuak eta herri barneko desplazamenduak gurutzatu egiten dira tarte horretan. “Biribilgune berriak zirkulazioa modu eraginkorragoan antolatzen laguntzen du, bai herrigunera nola industrialdeetara, eta horrekin batera istripuak izateko arriskua murrizten da”.
Segurtasunaz gain, auzoaren testuingurua ere kontuan hartu du aldundiak, izan ere, biribilgunearen ondoan daude Antzizar kiroldegia eta Loinazpe ikastetxea, eta horrek oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorri handia dakar. “Horregatik, beharrezkoa zen segurtasuna eta zirkulazioaren arintasuna bermatuko zuen esku-hartze egoki bat”.
Argiteria eta seinalizazioa
Biribilgune berriak kurba egiten duten sarrera-adarrak dituenez, ibilgailuak abiadura gutxitzera behartzen ditu, eta “horrek bide-segurtasuna eta trafikoaren lasaitasuna hobetzen ditu”. Kanpo-diametroa 34 metrokoa da, eta 6 metroko zabalera duen eraztun bat eta 9 metroko barne-radiodun espazioa ditu. Sarrera eta irteera adarrek, hurrenez hurren, 4 eta 4,5 metroko zabalera dute. Horrez gain, barneko eraztun zapalgarria dauka biribilguneak, garraio berezikoek maniobrak egin ahal izateko.
Obra horrek, halaber, argiteria publikoa egokitzeko lanak barne hartu ditu, trazadura berrira egokitutako luminariak jarriz, eta seinaleztapena, balizatzea eta inguruko babes-elementuak berritzeko lanak ere gauzatu ditu aldundiak.