Herriko jaiak antolatzeko aurreneko saioa, bihar
Zaldibiako festak urrian ospatuko diren arren, martxan da festa batzordea. Aurreneko antolaketa bilera egingo dute bihar, 18:30ean udaletxeko batzar aretoan.

Urriaren hasieran ospatuko dira Zaldibiako festak, baina dagoeneko martxan da festa batzordea, eta antolaketa bilera egingo du bihar, maiatzak 8, 18:30ean udaletxeko batzar aretoan. Herriko eragile eta norbanakoak biltzea eta guztien artean festei forma ematen hastea da asmo nagusia. Hala, lehen saio honetan iazko jaien balorazioaren errepaso bat egingo da, talde eta norbanakoen ekarpenak jaso baino lehen. Baina ez hori bakarrik: egitarauaren lehen zirriborroa eta txupinazoa botatzeko proposamenen inguruko iritziak ere bilduko dira.
Proposamen bideak
Udaberriko oporren aurretik jaietako proposamenak egiteko formularioa jarri zen herritarren eskura, eta oraindik ere zabalik dago ekarpenak egiteko tartea. Bide desberdinak daude horretarako: batetik, herritarren eskura jarritako fitxa beteta, bestetik, Karreane kultur etxera bertaratuta, telefonoz deituta edota kulturetxea@zaldibia.eus helbidera mezua idatzita.
Deialdia zabaltzea
Herriko eragile eta talde desberdinetako ordezkariak bilduko diren arren, Zaldibiako Udalak gogorarazi nahi izan du interesa izan dezakeen orok duela bertaratzeko aukera, eta lehen saio honetara bertaratzeko gonbidapena luzatu nahi izan die herritarrei.