Mikel Aiestaranek Ortega y Gasset kazetaritza saria jaso du
Multimedia estaldura onenaren Ortega y Gasset saria da kazetari beasaindarrari eman diotena, Gazan bizi den familia baten eguneko otordua argitaratuz, gerrari buruz egiten ari den lana aitortuz.

Mikel Aiestaran kazetari beasaindarrak, El Pais egunkariaren Ortega y Gasset Multimedia estaldura onenaren kazetaritza saria jaso du. Astelehenean egin zen sari emate ekitaldia, Bartzelonan. Ortega y Gasset Kazetaritza Sarietako 42. edizio honetako beste hiru sarituak izan dira, Isabel Coello tratu txarrei buruzko podkast batengatik; Oscar Corral, Valentziako suhiltzaileen argazki batengatik; eta Jorge Ramos, Estatu Batuetako latinoen ahotsa izan den aurkezlea.
Gazan bizi den familia baten eguneko otordua argitaratuz, gerrari buruzko kontakizuna egiten du Instagram sare sozialean, eta gosea gerrako arma bat dela salatu nahi du Aiestaranek modu horretan. 2024ko otsailaren 5ean argitaratu zuen lehenengo argazkia, eta harrezkero, familia honen eguneko otordua ikusarazi du.
Eman berri dioten sari honekin, Aiestaranek aitortuta ikusi du Gazako gerrari buruz sare sozial horretan egiten duen multimedia estaldura: bere lana «gosea gerra-arma gisa erabiltzea salatzeko» modu bat dela adierazi zuen ekitaldian, eta Kayet Hamad familiaburuak bidali zion audio bat erreproduzitu zuen: “Goseagatik baino misil batengatik hiltzea nahiago dut”, zioen bertan.
Gatazka lekuetan esperientzia zabal du kazetari beasaindarrak. Libano, Afganistan, Irak edota Sirian izan da, besteak beste, baina ekitaldian hitza hartu zuenean adierazi zuenez, “Gazan gertatzen ari dena beste inon ez dut ezagutu. Gertatzen ari denaren lekuko guztiak akatu nahi dituzte”, adierazi zuen.
Gazako historiak
Gazako menua Instagram bidez egiten ari den kronika, Gazako Historiak apirilaren 9an argitaratu zuen bere azken liburuan ere jaso du, kapituluetako batean. Azken horrekin, zazpi dira Aiestaranek argitaratutako liburuak. Familia gazatarrak bizitzen ari diren infernuaz hitz egiten du bertan.