XVII. Gazteburua ospatuko du asteburuan Ataungo Asanbladak
Bihar hasi eta larunbatera bitartean iraungo du jaiak. Musika, kirol jarduerak eta giro herrikoia izango dira ardatz nagusiak. Bertaratzeko deia egin dute asanbladako kideek.

Ataungo gazteek ez dute hutsik egingo aurten ere; bihartik larunbatera bitartean ospatuko da aurtengo Gazteburua, dagoeneko XVII. edizioa izango dena. Urtez urte sendotu den ekimen hau herriko Torto Gazte Asanbladak antolatzen du gazteen arteko harremanak sustatzea helburu hartuta, betiere aisialdia eta eskaintza kulturala uztartuta. Oraingoan ere, beraz, egitarau oparoa prestatu dute, non musika, kirol jarduerak eta giro herrikoia izango diren ardatz nagusiak.
Eskaintza zabala
Bihar (maiatzak 8) emango diote hasiera jaiari, 19:00etan Ahoztar Zelaieta euskal ikerketa-kazetari, idazle eta kriminologoaren La Ertzaintza que viene liburuaren aurkezpenarekin. Ondoren, 20:30ean, pintxo poteoa egingo da, eta 21:00etan Neu musika taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du, giro atsegina sortzea helburu hartuta.
Ostiralean (maiatzak 9), berriz, kirol lehiaketek hartuko dute protagonismoa arratsaldeko lehen partean: 18:30ean binakako dardo, xake, pinpon eta futbolin txapelketak jokatuko dira. Ondoren, ohiko karropoteoa egingo dute kalez kale, eta gaua musika festa bihurtuko da: 23:00etatik aurrera Ostikoka eta Aurrez Aurre taldeek eskainiko dituzte kontzertuak, eta jarraian Dj Mamu arduratuko da gauari amaiera borobila emateaz.
Azkenik, larunbatean (maiatzak 10), jai giroa goizeko atsedenaren ostean berriz piztuko da: 14:30ean herri bazkaria egingo dute Kalustran, eta ondoren bazkaloste musikatua izango da. 18:30ean trikipoteoa egingo dute trikitilariekin herriko kaleetan barrena, eta 21:30ean pizza afaria eskainiko dute. Asteburuko azken txanpan, 22:30ean, Ahantzi taldearen erromeria izango da eta Dj B-k giroa mantenduko du amaierara arte.
Bertaratzeko deia
Ataunen, beraz, giro aparta izango da asteburu osoan zehar; aukera ederra herriko auzoetako plazak eta kaleak jendez eta bizitasunez betetzeko. Antolatzaileek, zentzu horretan, herritar guztiak gonbidatu dituzte giro onean murgiltzera.