Zabalik da Gabiriako udalekuan haur edo begirale gisa izena emateko epea
Udalekuetan parte hartuko duten haurrek ekainaren 6a izango dute izena emateko azken eguna, eta begirale gazteek, berriz, maiatzaren 23a.

Dagoeneko zabaldu dute urteroko udaleku irekietan haur eta begirale gisa izena emateko epea. Aurtengoan, ekainaren 23an hasiko dira udaleku saioak, eta uztailaren 18ra arte iraungo dute. 10:00etatik 13:30era izango dira. Hala ere, 09:00etatik 10:00etara ere seme-alabak bertako zaintza zerbitzuan uzteko aukera egongo da, baldin eta horretarako beharrezkoa den gutxieneko haur kopuruak izena ematen badu.
2013 eta 2021 urteen artean jaiotako haurrentzat izango dira udalekuak, eta izena eman nahi duten haurrek ekainaren 6a baino lehen egin beharko dute, edo udaletxera deituta (943 88 07 34) edo udala@gabiria.eus helbidera idatzita. Ohiko udalekura apuntatu nahi duenak, 55 euroko kuota ordaindu beharko du, eta aldiz, goizean goizeko zaintza ere barne hartu nahi duenak, 65 euro.
Begiraleen aukeraketa
Haurrekin osatuko diren taldeen kopuruaren arabera, begirale kopuru bat edo beste aukeratuko da, baina dagoeneko izena eman beharko dute begirale izateko interesa duten gazteek. Maiatzaren 23a izango da horretarako azken eguna, eta haurren bide beretik egin beharko da izen ematea, edo udalera deituta edo helbidera mezua idatzita.
Kasu honetan, beharrezkoa izango da hemezortziak beteta izatea, gabiriarra izatea, begirale titulua edukitzea eta euskara ondo menperatzea. Horrez gain, haurrak ezagutzea, udalarekin beste lan kontratu bat ez izatea eta umeekin esperientzia izatea ere hartuko da kontuan.