Eguna eta ordutegia aldatuta jokatuko da Segura-Zerain lasterketa
Larunbat arratsaldetik igande goizera aldatu dute aurten proba. Trail eta Sprint modalitateetan lehiatuko dira. Guztira, 350 bat korrikalarik hartuko dute parte bi probatan.

Egun aldaketarekin eta inoizko parte hartze handienarekin jokatuko da igande honetan Segura-Zerain mendi lasterketa. Orain hilabete batzuk iragarri zuten eguna eta ordutegia aldatuko zutela, larunbat arratsaldetik igande goizera, hain zuzen, «korrikalariak erakartzeko helburuarekin», aipatu du Jon Iñaki Izagirre antolakuntzako kideak. Eta datuei begiratuta helburua bete dutela dirudi. Guztira 350 bat korrikalarik hartuko dute parte 8. edizio honetan, inoiz baino gehiago.
Ohi bezala, bi lasterketa izango dira aukeran: Trail edo luzea (25 km) eta Sprint edo motza (14,5km). Lasterketa luzeari 9:30ean emango diote hasiera eta ordu erdi beranduago aterako dira lasterketa motzeko korrikalariak. 100 korrikalariak hartuko dute parte Trail-ean eta 250ek Sprint-ean. Antolatzaileek irakurketa positiboa egin dute parte hartzeari dagokionez, «luzean iaz baino korrikalari pittin bat gehiago dira, eta motzean bikoitza», esan du Izagirrek. Gehiengoak gizonezkoak izaten jarraitzen duten arren, gauzak aldatzen ari dira, «azken urteetako joera da, batez ere lasterketa motzean, nesken parte hartzea goraka doala». Ibilbideari dagokionez, aldaketarik ez. Iaz «bariazio txiki bat izan zen ibilbidean, baina aurten ohikora itzuli gara», dio.
Dortsalen banaketa
Dortsalen banaketa larunbat arratsaldean (18:30-20:00) eta igande goizean (08:00-09:30) egingo dute. Antolatzaileek, «ahal den neurrian» dortsalak larunbatean hartzeko deia luzatu diete Segurako eta inguruko herrietako korrikalariei, «antolakuntza lanak errazteko». Aurten ere, korrikalarientzako «poltsa polit» bat osatzen saiatu direla esan du Izagirrek, «kamiseta bat, mangitoak, jogurta eta egurrezko giltzatakoa bat jasoko dituzte opari».
Aurtengo beste berrikuntzetako bat, sariekin lotuta dator, hain zuzen. Segura, Zerain eta Mutiloako kintada jendetsuenari ere sari berezia emango diote aurten lehen aldiz. Saria jasotzeko derrigorrez bete beharrezko baldintza da kintada bakoitzeko izena eman duten korrikalariek lasterketa hasi eta amaitzea. Datu zehatzen faltan, sari honek parte hartzean eragin duela uste du antolakuntzak, «kintoen lehiaketa bolo-bolo ibili da herrian eta nabaritu dugu gazte dezentek eman dutela txapelketan parte hartzeko izena»,amaitu du.