Errekor berriaren urtea ote?
Maiatzaren 11n, Ezkioko San Migel jaien barruan egingo dute Izazpira igoeraren beste edizio bat.

Denboran atzera egin behar da Ezkioko Izazpiko igoeraren jatorrian arakatzeko. Jose Antonio Aranzadi ezkiotarrak eta Joxe Aierbe ataundarrak 1978an egindako apustu batean du oinarria. Ezkioko San Migel jaietarako egin zuten hitzordua, larunbatarekin. 16:30ean atera ziren biak batera baina lasterketa Aierbek irabazi zuen Izazpira joan etorria 36 minutu eta 47 segundotan eginda. Aranzadik 45 minutu eta 52 segundo behar izan zituen; adinez zaharragoa ere bazen, 51 zituen eta 35 Aierbek. Ataundarra herri kiroletan ere aritzen zen orduan, aizkoran eta korrika. Argindegi ostatuan afaria zuten jokatuta, baina desafioaren arrakasta ikusita lehiakideen kuadrillakoei ere eman zien afaltzen Argindegiko Nikolasak.

Iñigo Viana (Kirolzale), Joxe Mari Gabilondo (EzkiOn Martxan) eta Asier Alberdi Ezkioko zinegotzia astearte arratsaldean Izazpira igoera probaren aurkezpen ekitaldian.
Apustua oinarri hartuta 1985era arte urtero jokatu zen gero, Ezkio-Izazpi-Ezkio lasterketa. Urte askotan etena izan zuen probak, 2016an San Migeletako jai batzordeak Izazpira igoera izenean berreskuratu zuen arte. Gaur egun, EzkiOn Martxan kirol kluba da antolatzailea. Atzo aurtengo proba aurkezteko prentsaurrekoa egin zuten Ezkion eta ohi bezala, erronka bota zieten korrikalariei: lasterketaren marka haustea.
Joan den mendekoa
Proba bezala, lasterketaren errekorra ere pasa den mendekoa da. 1982an ondu zuen marka Pello Garin zizurkildarrak, Ezkiotik Izazpirako 6.300 metroko distantzia 31 minutu eta 26 segundotan burututa. Aurkezpenean gogoratu dutenez, Aritz Egea urretxuarra hura hobetzetik «oso gertu» egon zen 2017an, baina «18 segundo gehiago behar izan zituen proba burutzeko». Amua bota diete beste behin parte hartzaileei, «errekor hori XXI. mendera ekartzeko erronkak indarrean jarraitzen du eta aurten ere 500 euroko sari bat gordeta dauka antolakuntzak denbora hori hobetzea lortzen duenarentzat», esan dute.
Maiatzaren 11an jokatuko da «aro modernoko» 9. edizioa Argindegi paretik abiatuta; 10:30ean haurren lasterketari emango diote hasiera eta 11:30ean abiatuko da helduena. Oraindik zabalik dago izen ematea 697 502 025 telefonoan edo kirolzale.eus web orrian. Errekorraz aparte, «irabazlearentzat txapela eta 150n euroko saria egongo da, podiuma osatzen dutenek ere izango dute trofeoa eta lehen ezkiotarrak ere sarituak izango dira», esan dute. Parte hartzaileei dortsalaz gain kamiseta bat emango zaie opari eta motxilak ere izango dira gaztetxoentzat. Nahi duenarentzat kamisetak eta motxilak Argindegi ostatuan daude salgai, 8 eta 4 euroan.
Eskola Txikien festa
Ekainaren 8an, Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatuko da Ezkion eta Itsason. Hori horrela, Izazpiko igoeran ere euren aletxoa jarriko du eskolak eta eskola txikien jairako atera duten materiala eskainiko dute oroigarri gisa irabazleen artean.
Izazpiko igoera San Migel jaietako azken egunean ospatuko dute ohi bezala, baina gaurtik makina bat ekintza daude antolatuta. 17:00etan botako dute txupinazoa eta pintxo poteoa egingo dute txosnan. Ezkiora igoera bizikleta lasterketa egingo dute bihar arratsaldean eta bertso afaria iluntzean. Bazkari herrikoia dago larunbatean eta igandean, Izazpiko igoeraren ondotik, herri kirol saioa arratsaldean.