Hezkuntza publikoko irakasleen lan baldintzak hobetzea eskatzeko elkarretaratzea egingo dute Ezkion
Atzo arratsaldean egindako bileran ostiraletan elkarretaratzea egiteko erabakia hartu zuten eskolako guraso eta irakasleek. Hezkuntza sailak gaurko deitutako negoziazio mahaian hartuko diren erabakien zain daude.

Ezkio-Itsasoko herri eskolako irakasleek bat egin dute euskal sindikatuen gehiengoak datorren asterako egin duen bost eguneko greba deialdiarekin. Egoeraren aurrean, Ezkio-Itsasoko hezkuntza komunitatea ere mobilizatu nahi dute eta horretarako bilera egin zuten atzo arratsaldean ELA eta LAB sindikatuko bi ordezkariekin eta eskolako hainbat gurasoren parte hartzearekin.
Batzarrak bi zati izan zituen. Batetik, sindikatuetako ordezkariek greba eta mobilizazioen inguruko azalpenak eman zizkieten gurasoei, urtarriletik hasi eta gaur arte izandako bilakaera azalduz. Hezkuntza publikoko langileek egiten dituzten aldarrikapenak zeintzuk diren eta une honetan negoziazio mahaian zein puntutan dauden ere zehaztu zuten atzoko bilkuran.
Bestetik, guraso eta irakasleak aurreikusita dauden mobilizazioetatik aparte, eskolatik bertatik zertan eta nola eragin dezaketen aztertu zuten. Larunbat honetarako deituta dagoen manifestazioan elkarrekin parte hartuko dute, baita datorren asterako deitu duten 5 egunetako greba deialdian ere. Gainera, ostiraletan eskola aurrean elkarretaratze bat egitea ere adostu zuten, 8:45etik 9:05etara, bihar hasita, hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak hobetzea eskatzeko.
Ikusteko dago Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak gaurko deitu zuen negoziazio mahaian zer gertatzen den, bertan hartzen diren erabakien arabera mantenduko direlako edo ez, datozen egunetarako aurreikusitako mobilizazio eta greba deialdiak.