Idiazabalgo elkarteak Euskaraldiarekin
Taldeko argazkia atera zuten atzo herriko plazan. Parte hartzeko izena eman dutenek jaso ditzakete txapak dagoeneko udaletxean edo liburutegian.

Idiazabalgo elkarte eta eragileek babesa eman diote Euskaraldiari beste behin, eta horren erakusle taldeko argazkia atera zuten plazan atzo arratsaldean. Hauek dira parte hartu duten elkarteak: Izal Bizia, Birigarroa Txistulari Elkartea, Idiazabal Kirol Elkartea, Idiazabalgo Udala, Axari Trail, Herri Krosa, Illati Euskara Elkartea, Aizan! Talde Feminista, Adinetxe Jubilatuen Elkartea, Izalgo Futbito Taldea, Mendi Saila, Irakurle Taldea, Guraso Elkartea, Kimu Elkartea eta San Blas Abesbatza.
Euskaraldian parte hartzeko izen eman dutenek dagoeneko jaso ditzakete euren txapak. Txaparekin batera Euskaraldiaren orri-markatzailea ere banatuko da. Horrez gain, Euskaraldia Hikan izena eman dutenek txapan itsasteko H-dun pegatina ere jasoko dute. Banaketa orduak eta lekuak honako hauek izango dira: goizez (9:00-14:30) udaletxeko harrera zerbitzuan, eta arratsaldez (16:00-19:00) liburutegian.
Euskaraldian izena emateko epea zabalik dago Euskaraldiaren web gunean ekimena amaitu bitartean —maiatzak 25—. Lehen ekitaldian, 2018an, Idiazabalgo 434 herritarrek eman zuten izena; 2020an, 419k; eta duela bi urtekoan, 352k. Aurten marka guztiak haustera animatu dituzte herritarrak. Maiatzaren 15ean ekitaldi berezi batekin emango diote hasiera Euskaraldiari Idiazabalen eta hurrengo egunetarako ere hainbat ekintza ari dira prestatzen. Tartean, maiatzaren 23an Mikel Telleria idiazabaldarrak Oroit Lou Reed diskoa aurkeztuko du jaioterrian.