Olarango espazio publikoa zehazteko gonbita egin du udalak
Bisita gidatuak antolatu dituzte maiatzaren 12an eta 13an. Parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik. Maiatzaren 21ean herritarrek ekarpenak egiteko saioa izango da.

Olaran fabrika zaharraren eraikina ezagutzeko aukera zabaldu eta herritarren ekarpenak jasotzeko parte hartze tailerra antolatu ditu Beasaingo Udalak. Bisita gidatuak datorren astelehenean eta asteartean izango dira eta aurrez izena eman beharko da. Herritarren ekarpenak jasotzeko saioa, maiatzaren 21ean izango da.
Olaran fabrika zaharrean proiektu anbiziotsua abiatzeko lanean dihardu Beasaingo Udala. 2024 urteko urrian aurkeztu zuten bertan egin nahi duten Olaran Talentu Faktoria deiturikoa, 2021ean abiatutako azterlanetik datorrena. Udalaren hitzetan «mugarri bat suposatzen du udal gobernuaren proiektu estrategikoen artean. Beasainen eta Goierriren garapen ekonomikoan zein beasaindarren ongizatean inpaktu positiboa edukitzea da helburua».
Aurkeztu zuten proiektuaren arabera Olaran Talentu Faktoriak lau solairutan banatutako espazioak izango ditu, eta horietako batzuk erabilera publikokoak izango dira. Beheko solairuan plaza estalia eta zerbitzu publikoak kokatuko dira. Herritarrentzako aisialdirako eta elkargunerako tokia. Lehen eta bigarren solairuan alojamenduak eta hirugarren zein laugarren solairuetan terraza publikoak egongo dira. Ezkiaga auzoaren eta Oria ibaiaren panoramika eskainiko luke, herritarrentzako atseden lekua izateko.
Hurrengo urratsak eman aurrez baina, herritarrei eraikina bere osotasunean erakutsi eta espazio publikora zuzendu nahi dituzten eremuak ezagutzeko aukera eman nahi dute. Udalak esandakoaren arabera, «bisita hauek proiektua borobiltzeko parte-hartze prozesuaren atarikoa da, herritarrek eraikina bertatik bertara ezagutu eta zein egoeratan dagoen jakin dezaten».
Udalak zehaztu duenez, eraikinaren azaleraren «heren bat baino gehiago» bideratuko da erabilera publikora, eta «herritarren iritzia aintzakotzat hartuko da zein zerbitzu eskainiko diren erabakitzeko».
Bisita gidatuak eta parte hartze saioa
Bisita gidatuetarako hiru hitzordu antolatu dituzte: maiatzaren 12an, astelehena, 18:00etan; eta maiatzaren 13an, asteartea, 12:00etan eta 18:00etan. Bisitak 45 minutukoak izango dira gutxi gorabehera (gehienez 20 pertsona). Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, Udalaren webgunearen bidez.
Hona iritsita, beasaindarren partaidetzarekin, espazio publikoen erabilera zehazteko, maiatzaren 21ean egingo da parte hartze tailerra, iritziak eta proposamenak aurkezteko. Maiatzaren 21eko tailer irekia Murumendi Eskolan izango da 18:00etatik 20:00etara.