Saturdiko festa: tradizioa, auzolana eta etorkizuna
Maiatzaren 17an ospatuko da, egun osoko egitarau zabalarekin. Herri kirolak, bertsoak, musika eta dantza nagusituko dira. Auzoa bizirik mantentzea eta gazteak antolakuntzara batzea dira helburuetako bi.

Zaldibiako herriak badu urriko jai nagusiaz gain, herriaren historia eta ohiturak bizirik mantentzea ahalbidetzen duen bestelako festa bat. Saturdi auzoko festa. Jatorrian, San Saturnino egunean ospatzen ziren, azaroaren 29an, baina udazken beteko eguraldi hotz eta ilunak eragindako eragozpenak gainditzeko asmoz, duela 75 urte egunez aldatzeko proposamena egin zuten antolatzaileek, eta ordutik, festa eguna Pazko astelehenera eraman zuten. Urte luzez igaro zuten egun seinalatu horretan auzoko baselizaren aurrean elkartzen, baina iaz, ohiturek eta garai berriek hala bultzatuta, egutegiko hitzordua berriz ere egokitzea erabaki zuten.
Iaztik, beraz, San Isidro nekazarien egunaren ondorengo asteburuan ospatzen dira Saturdiko festak, udaberriko sasoi emankorra aprobetxatuta, eta aurtengoan ere, maiatzaren 17an ospatuko dira, zapatu betean, herriarentzako antolaturiko egitarau oparo batekin; herri kirolak, bertsoak, musika eta dantza nagusituko dira. Oihane Etxeberria Altuna zaldibiarra da gaur-gaurkoz antolakuntzan diharduen gazteetako bat, eta dioenez, «ospakizun soila baino gehiago» dira Saturdiko festak: «Auzoko nortasuna, herri giroa eta belaunaldien arteko loturak sendotzen dituen topalekua da».
Forma egokiaren bila
Iaz egindako beste aldaketetako bat izan zen egun bakarreko ospakizunetik bi eguneko egitarau zabalago batera igarotzea. Aurtengoan, baina, berriz ere egun bakarreko jaira itzuli dira, esperientziaren arabera festarako forma egokiena zein den zehaztu nahian. Etxeberriak azaldu du beraiek ere ez dutela garbi zein den festa hauetarako forma egokiena: «Ez da erraza gaur egungo gizartean, auzo txiki batean, denentzako egokia den formatua aurkitzea, eta horregatik aukera desberdinekin probatzen ari gara».
Antolakuntzaren ustez, gizartea etengabeko aldaketa batean murgilduta egoteak eragina du urteetako aldaketa hauetan: «Gizartea bera aldatu den era berean aldatu gara gu eta aldatu dira auzoko festak, eta gaur-gaurkoz beste balore batzuen baitan egiten diren festa batzuen bila goaz».
Auzoak bizirik mantentzea
Urteetako aldaketak gorabehera, Etxeberriak adierazi du garbiak direla aurtengo jaietarako antolakuntzak finkatu dituen helburuak, eta ziurtatu du horretan ez dela aldaketa nabarmenik eman urte luzean zehar; izan ere, auzoa bizirik mantentzea nahi dute. «Auzolana eta harremanak, erein eta landu egin behar dira, eta horretantxe ale txiki bat besterik ez dira festa hauek», dio Etxeberriak.
Adibide gisa, Etxeberriak gogoratu du eguna azken aldiz aldatu zuteneko momentua. Aldaketa hori ez zen «azaleko aldaketa» izan; gazteek baserriz baserri jo zuten auzoan zehar, auzotarren iritzia bildu eta kontuan hartzeko. «Arratsalde osoa igaro genuen gure auzotarrekin berriketan, eta egia esan, une hori bera, festa eguna baino politagoa eta garrantzitsuagoa izan zen», azpimarratu du.
Gaztetxoenen erreleboa
Gaur-gaurkoz festa hauen talde motorrean 30 urtetik beherako gazteak daude, eta generazio desberdinen nahasketa horrek taldeari «aberastasuna eta bizitasuna» ematen badio ere, are auzotar gazteagoen parte-hartzea sustatu nahi dute, izan ere, etorkizunari begira, erreleboa ematea gustatuko litzaiekeela adierazi du Etxeberriak.
Zentzu horretan, ahal duten modurik egokienean, gaur egun nagusitzen ari diren tendentzietatik aparte jarraitu nahi dutela ziurtatu dute antolatzaileek, ohiturak finduz eta mantenduz:, betiere auzotarren babesarekin eta auzoa bera bizirik mantentzea helburu hartuta: «Megakontzertuen garai hauetan, beste mota bateko plazak bizirik mantentzen jarraitu nahi dugu».