Akordioa lortuta, bertan behera utzi dituzte hezkuntza publikoko irakasleen datorren asteko grebak
Sindikatu guztiek sinatu dute, ELAk izan ezik. Sindikatuen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren negoziazio mahaiak eman du fruitua.

Akordioa lortuta, bertan behera utzi dituzte hezkuntza publikoko irakasleen datorren asteko grebak. Sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arteko bilerak fruituak eman ditu; lortu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleentzat lan itun berri bat adostea. Sindikatu guztiek izenpetu dute akordioa, ELAk izan ezik. Horrenbestez, bertan behera utzi dituzte datorren asterako Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek —Interinok Taldea ere batu zen deialdira— deituak zituzten grebak, baita astebururako deitutako mobilizazioak ere. Ez da nolanahiko auzia: erabakiak 27.000 irakaslerengan du eragina.
Akordioaren arabera, eskola-orduak 21era murriztuko dira Lehen eta Haur Hezkuntzan, eta 17ra Bigarren Hezkuntzan. Ratioei dagokienez, Lehen Hezkuntzan 23 ikasletik 22ra jaitsi da gehienezko kopurua, eta Haur Hezkuntzan adin desberdinetako ikasleak elkartzen diren ikasgeletan (2-3 urtekoak kenduta) 20 ikasletik 19ra.
Gainera, hezkuntza publikoaren sektorean 800 behargin gehiago jarriko dira lanean, eta 60 urtetik gorakoek lanaldia heren bat murrizteko egitasmo bati heltzeko aukera izango dute.
Era berean, 65 urte baino gehiago dituzten beharginek lanaldia erdira murrizteko aukera izango dute. Gainera, ordezko irakasleek udan ere kobratuko dute, betiere urtean 165 egun baino gehiago egin badute lan, eta soldata, oro har, % 7 igoko da: aurten, % 2, eta hurrengo bi ikasturteetan, % 2,5.
Informazio gehiago hemen.