Baobeer Euskal Herriko artisau garagardorik onena
Hamalau garagardoren artean aukeratu du epaimahaiak. Elgetan ekoitzia, hirugarrenez irabazi du Ordizian Baobeer garagardo etxeak.

Elgetako Baobeer garagardoak irabazi du Euskal Herriko artisau garagardo azokako lehiaketa Ordizian. Epaimahaikideek 14 garagardo dastatu ostean hartutako erabakia izan da. Scimmia eta Iparra garagardoek osatu dute podiuma.
Aurtengoarekin, Baobeer garagardo etxeak Ordizian lortzen duen hirugarren txapela da. Mikel Irazabal Baobeer etxeko ordezkaria “oso pozik” agertu da. “Plaza berezia da hau guretzat, duela zortzi urte Baobeer sortu genuenean, parte hartu genuen lehenengo azoka baita. Beraz, gaur ere hemen egotea eta txapela hau irabaztea oso garrantzitsua da guretzat”, nabarmendu du.
Azken urteetan horrelako ekitaldiek pixka bat behera egin dutela azaldu du Irazabalek, baina, Ordiziako hau “indartsu” mantentzen dela azpimarratu du, produktu honen ekoizleentzat “oso garrantzitsua” dena. Izan ere, “erakusleiho bikaina” dela dio.
Baobeer-en kasuan, produktu sorta dute eskaintzan. “Pare bat garagardo finko ditugu, eta urtaroaren eta eskura ditugun lupuluen arabera, beste hiru bat izan ohi ditugu. Jendeak berritasunak eskatzen ditu, eta ahalegintzen gara egarri hori asetzen”, azaldu du Irazabalek. Ekoizten dituzten produktuak Plaza Nagusian bertan dastatu ahal izan dira.
Tabernetan ere garagardo artisau eskaintza geroz eta zabalagoa aurkitzea ohikoa bilakatzen ari den honetan, Irazabalek uste du “beste produktu batzuekin, ardoarekin adibidez, ohituago gaude eskaintza zabalagoa izaten, eta bat edo beste eskatzen dugu gustuaren eta momentuaren arabera. Garagardoaren kasuan, azken urteetan ari da ematen hori ere, baina oraindik bidetxo bat dugu egiteko”.
Ordiziako Plaza Nagusiko aterpearen epelean egin dute Euskal Herrian ekoitzitako garagardoen erakusleiho den azoka hau, beste urtebetez, Emaneurrek antolatuta. Dagoeneko erreferente bilakatu da garagardozaleentzat eta hutsik egin gabe inguratu da jendea, garagardo aukera zabala probatzera.





















