Ane Mintegi tenislari idiazabaldarrak ITF Platja d´Aro nazioarteko torneoa irabazi du
Gironan (Herrialde Katalanak) jokatu da asteburu honetan. Garaipen honekin agur esan dio lesioen boladari 21 urteko tenislari gazteak.

Ane Mintegi idiazabaldarrak ITF Platja d´Aro 365 nazioarteko tenis torneoa irabazi du asteburu honetan Gironan (Herrialde Katalanak), Jenny Duerst suitzarrari 3-6 6-1 6-3 gailendu ostean.
Garaipen honekin atzean utzi ditu azken urteetan normaltasunez lehiatzea eragotzi dioten lesioak. Platja d´Aron jokatutakoa denboraldiko laugarren torneoa izan da idiazabaldarrarentzat. “Hainbeste denbora geldi egon eta gero, egindako lan onaren emaitza da garaipen hau; pribilegio bat da niretzat torneo honetan parte hartu ahal izana”, esan zuen finala jokatu eta gero. “Aste guztian zehar fisikoki ongi sentitu naiz. Lesioak iragana dira eta partiduz partidu jarraituko dugu aurrerantzean”, gehitu du.
21 urteko tenislari idiazabaldarra Wimbledon txapelketako irabazlea izan zen 2021ean junior mailan.