Etxebizitza merkatuaren egoera aztertu du Beasaingo Udalak
252 etxebizitza huts identifikatu dira udalerrian. Etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurriak proposatu dituzte. Beasainek ez ditu betetzen eremu tentsionatu izateko baldintzak.

Beasaingo Etxebizitza egoeraren diagnostikoa aurkeztu du Udalak. Egindako azterketaren arabera 252 etxebizitza huts identifikatu dira herrigunean (guztizkoaren % 3,8), hau da, pertsona erroldaturik ez duen eta ur-kontsumoak edo kontsumo elektriko nuluak edo baxuak dituztenak. Etxebizitza horien % 39,7 Alde Zaharrean (100 etxebizitza) kokatzen dira, eta %26,6 inguruan (67 etxebizitza). Etxebizitza hutsen gehiengoak 45 urte inguruko aintzinatasuna du.
Udalak azpimarratu duenez, etxebizitza hutsen ehunekoa Europako «arrazoizko stock teknikoaren» barruan sartzen bada ere, etxebizitza horiek mobilizatzeko eta alokairu sozialera bideratzeko neurriak bultzatuko ditu. Halaber, etxebizitza azterketak hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko hainbat gomendio egin ditu, etxebizitza hutsen jabeei alokairua sustatzeko programen berri ematea eta birgaitzeko laguntzen informazioa indartzea, besteak beste. Edozein kasutan, Udal Gobernuak «proposamenak aztertu eta osatu egingo ditu datozen hilabeteetan esku-hartze zabalagoak aurrera eramateko».
Etxebizitza babestua
Etxebizitza babestuaren inguruko datuak ere jasotzen ditu Udalak aurkeztu duen diagnostikoan. 2024an gora egin zuen etxebizitza babestuaren eskariak, eta Beasainen erroldatuta dauden 294 eskatzaile daude. Orotara, 538 eskaera daude Beasainen etxebizitza babestua eskuratzeko.
Eskaera horietatik gehienek alokairu-erregimeneko etxebizitza bat eskatzeko da, hau da, kopuru osoaren % 78.
Eskariaren beherakada nabarmena da. Duela 11 urte 959 pertsona zeuden izena emanda Beasainen erosketa-erregimeneko etxebizitza babestua ( % 31) edo alokairua (% 69) lortzeko; 2024an, berriz, kopurua ia erdira jaitsi da, 538 eskatzailerekin. Aitzitik, itxaron-zerrendetan jarraitzen dutenen artean, igo egin da babestutako alokairuko etxebizitzak eskatzen dituztenen garrantzia; izan ere, 2014an hamarretik zazpik aukeratu zuten aukera hori; hamar urte geroago, hamarretik ia zortzik (% 79).
Inguruko udalerriekin alderatuta, Beasain da alokairuko etxebizitza babestuen ehuneko txikiena eskatzen duen udalerrietako bat (% 79,2), Lazkaoren aurretik (% 72,5). Beste udalerri batzuetan, hala nola Ordizian (% 91,5), Idiazabalen (% 84,4) edo Ormaiztegin (% 80), alokairu-eskaria %80tik gorakoa da.
Eremu honetan eboluzionatu duen beste alderdi bat da, duela hamarkada bat etxebizitza babestu bat eskuratzeko zerrendetan inskribatutako ia pertsona guztiak (% 91) Beasainen erroldatuta zeuden arren, orain bizilagunak eskatzaileen %55 baino ez direla. Beraz, Goierriko udalerrian etxebizitza babestu bat bilatzen ari direnen ia erdia ez dago aldez aurretik udalerri horretan erroldatuta.
Eskatzaileen profilari dagokionez, 35 urtetik beherako gazteak eskaera osoaren %31 dira. Alde horretatik, kontuan izan behar da Beasainen 18 eta 34 urte bitarteko 2.349 gazte bizi direla gaur egun, eta horietatik 846 bakarrik (% 36) emantzipatu direla.
Salerosketa gora
Azken urteotan nabarmen handitu da Beasainen egindako higiezinen salerosketa kopurua. 2023an 202 salerosketa egin ziren, 2013an zenbatutakoak baino (77 etxebizitza salerosketa) bikoitza. Baina, krisi ekonomikoa dela eta, prezioa merkeagoa da gaur egun (2023ko datuak) 2012ko gailurra baino, orduan metro koadroaren kostua 2.777,9 eurokoa baitzen. Hamaika urte geroago, prezioa 2.105,4 euro metro zen karratuko, eta gaur egungo batez bestekoa 2.345,5 eurokoa da.
Hamarkada horretan, 234 etxebizitza berri eraiki dira, gehienak libreak, 199. Babes ofizialekoak berriz 23 etxebizitza izan dira eta etxebizitza tasatuak 12.
Gainera, 54 etxebizitza lortu dira lehendik dauden eraikinak osorik birgaitzeko edo ordezteko prozesuen bidez. Bestalde, merkataritza-lokalen erabilera etxebizitzetara aldatuta, 7 etxebizitza tasatu berri eta 2 etxebizitza libre lortu dira.
Eremu ez tentsionatu
Beasaingo Udalak aurkezturiko dokumentu honek, denboran bat egin du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Behatokiaren azken azterlanarekin. Azken honetan, Beasain gune tentsionatu izendatzeko baldintzak ez direla ematen jakinarazten da. Horrela, udalaren txostenean aurreikusten ziren gune tentsionatu bilakatzeko baldintzak ez dira bete.
Azken txostenaren arabera, hiru dira gune-tentsionatu izendatu ahal izateko irizpide nagusiak: 2018-2023 artean, alokairuen errenta %19,6-tik gora igo izana (Beasainen %19,1 igo da), salerosketa prezioa %22,4-tik gora igo izana (Beasainen %5,2 igo da) eta etxebizitzaren hipoteka edo alokairuaren gastua familiaren diru-sarreren %30 baino handiagoa izatea (Beasainen %23,9). Beasainen kasuan ez dira bete irizpide horiek.