ELKARRIZKETA. «Jauzia egiteko zoru askoz hobea daukagu gaur egun»
Euskaraldian, arreta euskaldunengan jarri beharrean, erdaldunak eta euskara bere ez dutenak erakartzea nahi du Aitor Aldasorok, eta Belarriprest gehiago. «Ez da festa bat, ariketa sozial bat baizik».

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan ari da Aitor Aldasoro Iturbe (Beasain, 1967), irailaz geroztik. Euskarak sail guztietan zehar-lerro izan behar duela defendatu du. Euskaraldiaren balioa, berriz, euskaldunez haragoko ariketa sozialtzat ikusten du, erdaldunak edo euskara bere ez dutenak «erakartzeko».
Euskalgintzan jardundakoa zara, bai Beasainen, bai erakundeetan.
Euskararen kudeaketan 2003an hasi nintzen, nahiz eta aurretik ere Eibarren ikasten nuenean euskara taldeetan-eta beti ibili naizen. Gure esparruetatik kanpo, zoritxarrez euskaraz bizitzea ez da normala. Nik egunak egiten ditut erdaraz hitz egin gabe. Ingurugiro sailean nengoenean egiten nuen. Orain, hasi behar dudanean, gaizki sentitzen naiz. Hemen [jaurlaritzan] bertan, batzuentzat pentsaezina da hori. Euskara kontuak beti gustatu izan zaizkit, bertso munduagatik izugarri. Etxean, amari-eta euskara kendu egin zieten; aitari ez, zaldibiarra da. Etxean euskararen garrantzia jan egin dugu guk.
Nola bizi duzu gaur egun euskara?
Beti daude heldulekuak ‘zer gaizki gauden’ esateko. Euskarak, edo euskararen munduan gabiltzanok, bekatu hori badaukagu. Baina datu kuantitatiboak hartuta, zerbait ondo egin da. Beste gauza bat da aurrera begira orain azti ibiltzea, eta estrategikoki jakitea non eta nola jarri behar diren arrautzak. Bestela, baikorrak izateko zorua daukagu. Kanpoko jende pilo bat datorrela esaten da, eta egia da, baina industrializazioan etorri zena baino gehiago ez da etorriko. Herri hau aldatu egin zuen hark. Orain egiten ari diren inkestak eta prospekzioak garai hartako datuak hartuta egiteko gogoa daukat. Pentsatzen dut egoera suntsitzekoa aterako litzatekeela, eta buelta eman zitzaion.
Baikorra zara, beraz?
Gaur egun, mila aldiz hobeto prestatuta gaude. Jauzi bat egin behar dela esaten da, eta ados nago. Baina jauzi horretarako zoru askoz hobea daukagu, eta ezinbestean asmatu behar dugu estrategietan.
Euskaraldiak zertarako behar du?
Euskaraldia da estrategia horien adibiderik onena. Euskaraldiak ezin dio euskaldunon zilborrari begiratu, eta hori egiten dugunero aukera bat galtzen ari gara. Euskaraldiaren potentzial nagusia euskarara erakartzeko ahalmena edo enpatia lantzea da. Erdaldun bat erakartzeko gaitasuna garatzen dugun heinean, hor dago balioa. Benetako ariketa hori da: euskaldunok eta euskara dominatzen ez dutenek baina aldeko jarrera bat dutenek, hori lantzea.
Jauziak norantz, nola eta zenbateraino jo, gizarte osoarentzat puntu komunik ikusten duzu?
Jauzia ez da euskaldunon artekoa izango. Euskaraz bizi garenotatik aparte etorriko da jauzia, eta horretaz kontziente behar dugu. Mahai oso bat baldin bada bizi garen esparru guztia, euskararena pusketa bat bakarrik da, eta hemendik nekez etorriko da jauzia; honek izan beharko du bultzatzen duena, baina beste guztian egon beharko du. Horrek esan nahi du zehar-lerroa, esan nahi du lan mundua, batez ere erabileran pausoa ematea. Inoiz ez da hainbeste jende euskaldun egon.
Zenbatek erabiltzen duten da gakoa.
Hezkuntzak jendeari erreminta batzuk eman dizkio, baina horiek nola ekartzen dira erabilerara? Gune ez formaletan. Ez dakit gune informaletara iritsiko garen (tabernak, kalean lagunekin…), baina gutxienez ez-formaletara, bai. Hau da, aisialdi antolatua, lan mundua, gutxi gora-behera kontrolatutako guneak, euskara planak… Hortik etorriko da jauzia, erabileran salto bat eman nahi baldin bada.
Beti ere zeharkakoa eginda. Hor, nik uste, euskaldunok enpatia lantzen egundoko lana daukagula. Ariketa ez da ‘guk euskaraz dakigu’ esatea. Euskaraz ondo ez dakiena ondo sentiarazteko badaukagu lana. Askotan ihes egiten dugu, eta gure inguruan hesiak eraiki: gure perfekzioa euskaran, gure hikak edo azkar hitz egiteak… Euskaltegietan eta inguru horietan jorratu, landu edo garatu den jarrera bat da, baina bestela, gizartean, badaukagu hor lana.
Elkarrizketa osoa GoiBerri.eus webgunean.