ERREPORTAJEA. ‘Appahi!’, bost astean hika ikasteko tresna
Egunero 10-15 minutu praktikatuta, bost astean hika egiten hasteko prest. Horixe da 'Appahi!' aplikazioaren erronka. Euskara batuko formaz gain, Beasaingo hitanoa ikasteko aukera ere ematen du.

Badihardugu Euskara Elkarteak sortu du hitanoa ikasteko Appahi! aplikazioa, CodeSyntax enpresaren laguntza eta garapen teknikoarekin. Oñatin izan du sorlekua, baina Oñatitik Euskal Herrira zabaldu dute. Azken berritasuna da Beasaingo hitanoa ikasteko aukera ere sortu dutela, Aittu euskara elkartearen laguntzarekin. Doakoa da eta Android zein Apple telefonoetarako dago eskuragarri.
Badihardugu elkarteko Aintzane Agirrebeñaren esanetan, hasiera batean Oñatirako sortu bazen ere, gero «berehala» euskara batuko bertsioa atera zuten. «Jarraian etorri dira Azkoitia, Eibar, Arrasate eta Eskoriatza, eta aurten Beasaingoa aurkeztu dugu». Agirrebeñak berak eta Idoia Etxeberriak osatu dituzte aplikazioko testuak eta galderak, eta irudiak Mirari Sagartzazurenak dira. Audio eta bideo gehienak Euskal Herriko Ahotsak proiektukoak dira.
Bost astean, egunean 10-15 minutu eginda, hitanoa ikas daiteke Appahi! aplikazioaren bidez. «Zailtasunik gabe, hitanoaren oinarrizko egitura guztiak» eskainiko ditu Appahi! aplikazioak. «Galdera-erantzunen bidez, hika hitz egiten hasteko behar adina erreminta izango da, betiere alderdi ludikotik abiatuta».
Erreportaje osoa GoiBerri.eus webgunean.