Aurten hasiko dituzte Goiko ostatua zaharberritzeko lanak
Lizitazio prozesuan bi enpresa izan dira interesatuak. Proposamen egokiena aukeratzeko fasean daude orain. Obrak milioi bat euroko aurrekontua du, horietatik 632.000 euro diruz lagunduta.

Kontzeju etxea edo Goiko ostatua bezala ezagutzen den eraikina zahar berritzeko lanak aurten hasiko dituzte Itsason. Lizitaziora atera dituzte lanak eta bi enpresa aurkeztu dira lehiaketara; orain hautaketa prozesuan daude. Obrak milioi bat euro inguruko aurrekontua du, «obra handia» baita Gorka Sasieta Itsasoko batzordeko kideak esan duenez. Dagoeneko, Europako Next Generation funtsetatik 632.135 euroko diru laguntza eskuratua dute eta lanak, 2026ko ekainerako amaituta behar dute.
Ezkiorekin batera, otsailean onartu zituen Itsasok 2025 urterako udal aurrekontuak. Diru sarrerak eta gastuak proportzionalki banatzen dituzte, bi herriek hala adostuta. Ondorioz, Ezkio-Itsasoko udal aurrekontuaren %26,74 dagokio Itsasoko herriari, gastuak barne. Aurten, 400.488,77 euroko diru sarrera dagokio. Mila biztanletik beherako herrientzat foru funtsak egin duen doiketak ere eragin du Ezkio-Itsasoren kasuan, «aurten 202.000 euro gehiago» jaso dituzte eta horien %26,74 Itsasori dagokio. Guztira, 118.794,56 euro dituzte inbertsioetarako; horiei Goiko ostatuko lanetarako jasotako diru laguntza gehitu behar zaie. Guztiarekin, Goiko ostatuko lanek suposatuko dute 2025eko inbertsiorik handiena.
Hiru apartamentu turistiko
Behin zaharberrituta, Goiko ostatuari zer erabilera eman erabakitzea izan zen lehendabiziko lana. Hainbat saio egin dituzte herritarrekin, 2023an hasita. «Beheko solairua erabilera publikorako izango da erabat. Bigarren solairuan hiru apartamentu turistiko eraikiko dira eta ganbara balio anitzeko gela zabal bat izango da» azaldu du Sasietak. Apartamentu turistikoen ideia ez zegoen aurreikusita hasierako proiektuan, «eraikin handia da. Ikusi genuen erabilera publikorako nahikoa leku bagenuela. Eraikin hauek mantenuan bakarrik gastu handiak dituzte eta apartamentu turistikoaren ideia atera zen bileretako batean». Apartamentu turistikoak Itsasoko batzordearen jabetzakoak izango dira, baina oraindik zehazteke dago nolakoa izango den kudeaketa.
Dagoeneko Europatik eskuratuta duten diru laguntzaz gain, beste 103.794,56 euro gorde dituzte aurtengo aurrekontutik Goiko ostatuko lanetarako, «obra potoloa da, badakigu milioi bat eurotik gora izango dela azkenean. Diru laguntzak ez du dena estaliko eta badaezpada diru bat gordetzea beharrezkoa da», zehaztu du Sasietak.
Beste inbertsioak
Baserrietako bideetan egokitze lanak egiteko 15.000 euroko partida gorde dute aurten. Itsasotik Mandubiara doan bidean, lehendabiziko aldapan «todounoa kendu eta hormigoia» botako dute. 2024an egiteke geratu ziren beste bi proiektu ere burutuko dituzte aurten: Alegi auzoko urbanizazio lanak (10.000 euro) eta Alegiko elkarteko bigarren solairua egokitzeko lanak (35.442,45 euro).