ELKARRIZKETA. «Ahobizi izatea erronka pertsonal handia da niretzat»
Euskal Herrian jaio ez arren, euskalduntzat du bere burua Iñigo Moreno bartzelonarrak. Haurra zenean Donostiara etortzen zen amona bisitatzera, baina orain Legazpin bizi da.

Danimarkan ezagutu zuen bikotekide legazpiarra, eta lana Euskal Herrian aurkitu ondorenetik, euskara klaseak jasotzen ari da, duela ia lau urtetik. Euskaraldian, lehen aldiz, Ahobizia izango da.
Non jaio zinen?
Bartzelonan jaio nintzen, eta familia hemengoa ez dudan arren, amona Donostian bizi zen. Oporretan bertara joateko ohitura genuen, eta euskara ez nekien arren, banuen euskal kulturaren berri. Amona hil zenean, baina, etortzeari utzi genion.
Urte batzuk beranduago, Danimarkara joan nintzen masterra ikastera, eta bertan ezagutu nuen nire neska-laguna dena, legazpiarra. Hasieran erdaraz egiten genion elkarri, baina bera ere katalana ikasten ari zenez, katalanez hasi ginen hitz egiten, eta horrek, aldi berean euskara ikastera bultzatu ninduen. Danimarkatik ikasten nuen garai hartan euskara, masterra bukatu bitarte. Ondoren, baina, lana bilatzen hasi ginen bai Bartzelonan eta baita Euskal Herrian ere; biok hemen lortu genuenez, Euskal Herrira etorri ginen bizitzera.
Orduan hasi zinen euskara klaseetan?
Donostian eman nituen aurreneko urteak, eta hango euskaltegi batean hasi nintzen euskara ikasten. Hiru urte bertan egin ondoren, Legazpira etorri ginen bizitzera eta orain hemengo euskaltegian ari naiz. Dagoeneko lau urte daramatzat euskara ikasten, eta konplexutasunak dituen arren, ondo moldatzen ari naiz.
Zerk bultzatu zintuen horretara?
Neska euskalduna edukitzeak, noski. Baina ez horrek bakarrik. Euskal Herrira bizitzera etorri nintzenean euskal kulturara egokitu nahi izan nuen berehala; euskara jakin nahi nuen, izan ere, horixe bera nahi izaten dut norbait Kataluniara datorrenean, eta itxurati samarra litzateke nire aldetik euskara ikasiko ez banu.
Egia da inguru euskaldun bat izateak asko errazten duela euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea, edo hori sumatu dut nik. Etxean egunero euskaraz egiten dugu neska-lagunak eta biok, baita haren familiarekin ere, eta asko laguntzen dit horrek. Ezinbestekoa da, euskara ikasteaz gain, praktikan jartzea. Asko nabaritzen dut hori nire euskaltegiko kideekin: agian, gramatika edo idazketa ondo menperatzen dute, baina badago jendea gerora euskara praktikan jartzen ez duena.
Elkarrizketa osoa GoiBerri.eus webgunean.