Lazkaoko udako jardueretan izena emateko aukera, zabalik
Haur eta gazteentzat kirol jarduerez gain, aisialdi zerbitzua ere izango da. Maiatzaren 25era arte zabalik dago izena emateko epea.

Zabalik da atzotik udako jardunaldietan izena emateko epea. Aurtengoan, hamasei kirol ikastaro eskainiko dira, horietatik hamaika haurrentzat eta bost gazteentzat. Haurrek, besteen artean, zenbait kirol ikastaro izango dituzte: igeriketa (3-14 urte), btt (2016 baino lehen jaioak), piraguismoa (2016 baino lehen jaioak), irristaketa (2011-2019), gimnastika erritmikoa (2011-2019), kiroldantza (2011-2018), pilota (2011-2018), futbola (2013-2016) eta kirolanitzeko jarduerak (2011-2018). Gazteek, berriz, kiroldantza (2013 baino lehen jaioak), ziklo indoor (2013 baino lehen jaioak), bodytraining (2013 baino lehen jaioak), piraguismoa (2016 baino lehen jaioak) eta kirolanitzeko jarduerak (2013 baino lehen jaioak) izango dituzte. Ordutegi eta kuota desberdinak izango dira ikastaro horietako bakoitzean (informazio gehiago, lazkao.eus webgunean).
Bietan izena emateko epea maiatzaren 25era arte egongo da zabalik, Joxemiel Barandiaran Kirolgunean aurrez aurre izena emanda edo online udaleko webgunearen bitartez mezua bidalita.
Aisialdi zerbitzua
Baina ez hori bakarrik. Haurren aisialdiari dagokionez, aurten ere Lazkaoko Udalekuak izango dira, ekainaren 23tik uztailaren 24ra bitartean. Zerbitzu honek, haurrak jolas giroan eta ingurune seguru batean aritzeko hainbat jarduera, tailera eta jolas eskaintzen ditu, beren gaitasunak garatzeko eta ikasteko aukera eskainita. Interesdunek, bi ordutegi aukeratu ahal izango dituzte, familien beharretara egokituak: 10:00etatik 13:00etara edo 09:00etatik 13:00etara. Zerbitzua Haur Hezkuntzako 3. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. maila bitarteko haurrei (2013-2021 urte artean jaiotakoak) zuzenduta dago, eta guztira 180 plaza eskainiko dira.
Izena emateko epea, maiatzaren 25era arte zabalik egongo da, udaleko webgunean dagoen inprimakia beteta edo kiroldegian izen-emate orria entregatuta. Horrekin batera, izen-emate kuota 94,30 euro izango da 10:00-13:00 ordutegirako, eta 125,75 euro 09:00-13:00 ordutegirako. Ordainketa kontu korronte bidez egingo da.
Parte hartzeko deia
Lazkaoko Udalak haur eta gazteak gonbidatu ditu udako oporraldietan kirol eta aisialdi eskaintza honetan parte hartzera.