ELKARRIZKETA. «Pizkunde berri bat bultzatu nahi dugu euskararentzat»
2022ko azaroaren amaieratik Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusia da Idurre Eskisabel Larrañaga (Beasain, 1970) beasaindarra. Euskaraldiaz, euskarak bizi duen oldarraldiaz, administrazioak egin beharreko lanaz eta euskalgintzaz hitz egin du.

Azkeneko Euskaralditik hona euskararen aurkako oldarraldiak ez dira amaitu, eta areagotzen ari dira.
Ez, zoritxarrez oldarraldiak ez du etenik. Ikusten ari gara nola epaiz epai euskararen normalizazioaren alde ezarritako zoru bat eraisten ari diren. Gainera, gizarte adostasun sozial handi baten aurka, ez baitugu ahaztu behar eraisten ari diren euskararen normalizaziorako tresneria horrek gehiengo politikoaren babesa duela eta eragile sozialek (gehiengo sindikalak kasu) edota herritarrek, behin eta berriro berretsi dutela kontsentsu hori.
Oldarraldia ez da soilik judiziala.
Ez. Haren oinarrian ikusten dugu, baita ere, oldarraldi politiko bat eta oldarraldi mediatiko bat, sustatzen ari baitira dikotomia faltsuak, hala nola, euskararen normalizazioa lan eskubideekin lehian eta talkan jartzea. Enplegu publikoa egoki betetzeko baldintza zehatzak jartzea lanpostu mota horretara iristeko lehiaketa guztietan egiten da: lan hori ondo betetzeko eta herritarrari zerbitzu egokia emateko ezagutza batzuk eskatzen dira. Euskararen ezagutza lan horiek egoki betetzeko baldintza da, herritarrei zerbitzua behar bezala ematekoa. Ez dago lan eskubideekin talkarik, beste ezagutza batzuk eskatzen direnean halakorik ez dagoen bezala.
Gero eta euskara gutxiago jakinda lor daitezke lanpostuak. Administrazioan belaunaldi berriak sartzen ari direnez, administrazioa erdalduntzeko arriskua dakar horrek?
Bai, atzerapauso handi bat gertatzeko arriskuan gaude. Batetik, administrazioa euskalduntzeko urratsetan atzerakada nabarmena litzatekeelako, eta hori sekulako kaltea da normalizaziorako eta hizkuntza-eskubideen bermerako. Bestetik, gizarteari ematen zaion mezuagatik: euskararen ofizialtasuna bera auzitan jartzen da, eta horrekin batera prestigio galera eragiten da. Minorizatutako hizkuntza batentzat oso kaltegarria da hori.
Elkarrizketa osoa GoiBerri.eus webgunean.