Wushu-Kung Fu ligako jardunaldiak 43 domina utzi ditu Beasainen
Beasaingo I.W.K.C.D Lorea gimnasioko partaideek maila bikaina erakutsi dute. Argazkiak, albistean.

Larunbatean eman zioten hasiera laugarren Wushu-Kung Fu ligari Beasainen. Beasaingo ICDWF Lorea gimnasioak eta Tolosako Indarra gimnasioa klubek antolatuta egin zen kirol jardunaldia, Antzizar kiroldegian, goiz osoan zehar.
Aurrekoetan bezala, parte hartze zabala izan zen. Wushu-Kung Fu eta Taichiko sei talde desberdin izan ziren: Asprataiji (Errenteria), Bidewushu (Andoain), Indarra (Tolosa), You Ch´ing (Gasteiz) eta Kimusubi (Donostia). Denera, 120 inguru partaide, modalitate desberdinetan banatuta. Adierazgarria izan zen gainera, adin tarte txikietako partaidetza. Antolakuntzak nabarmendu du besteetan baino askoz ere gazte gehiagok parte hartu zuela, “oso pozgarria dena”.
Beasaindarrak, “bikain”
Taoluetan, hau da, teknika koreografikoetan, hiru modalitate baino gehiago jokatu ziren, 29 kategoria desberdinetan banatuta, non 8 eta 76 urte bitarteko partaideak izan ziren. I.W.K.C.D Lorea Beasaingo taldeko 19 parte hartzaile izan ziren taoluetan, eta 22 urrezko, 11 zilarrezko eta 5 brontzezko domina eskuratu zituzten.
Sandan, maila “handia” nabaritu da aurtengoan, eta “konbateak, oso teknikoak eta errespetu handiarekin izan ziren”, azpimarra egin dute antolatzaileek. Modalitate honetan, I.W.K.C.D Lorea Beasaingo taldeko, 5 partaide izan ziren. 4 urrezko domina eta zilarrezko 1 lortu zituzten.
Laburbiltzeko, aurtengoan, Beasaingo taldeko partaideek “lan bikaina” egin dutela nabarmendu du Mari Izquierdo Beasaingo taldearen arduradunak. “Txapelketaz txapelketa, gero eta maila altuagoa nabaritzen da, eta gainera, oso giro polita sortu da, talde giro aberatsa dugu”, borobildu du larunbateko hitzorduaz.
Jarraian, argazki sorta bat: