Aralar kudeatzeko 10 urteko plana sinatu dute aldundiak eta mankomunitateak
Planak bi helburu nagusi dituela nabarmendu dute: batetik, natur eta kultur ondarea babestea eta zaintzea, eta bestetik, artzaintza jarduera indartzea eta mendiko abereen presentzia orekatua bermatzea. Arritzagako bidea egokitzea, eta Elutxetara eta Pagabera bide berriak egitea ere jasotzen du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar mankomunitateak Aralarren kudeaketarako 2035. urtera arteko akordioa sinatu dute gaur eguerdian Ordiziako udaletxean. Plan orokorrak hainbat jarduera egitea jasotzen du, baita datozen 10 urteetarako finantzaketaren oinarriak, eta mankomunitatearen egitura eta funtzionamendua ere.
Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutik eta Enirio-Aralar Mankomunitate lehendakari eta Ordiziako alkate Adur Ezenarrok sinatu dute akordioa. Ondoan izan dituzte Arantxa Ariztimuño Nekazaritza eta Lurralde Oreka Berdeko zuzendaria eta Amezketako alkate eta mankomunitateko lehendakariorde Mikel Arteaga.
“Gu, politikariok, arazoak konpontzeko gaude, eta horri jarraituz, legealdi honen hasieran helburu bat markatu genuen, eta zen 2019az geroztik blokeatuta zeuden harremanak desblokeatzea. Zor genien abeltzainei, eta zor genion gizarte osoari. Eta horregatik legealdia hasi bezain pronto bilera dinamika bat hasi genuen blokeo hau gainditu asmoz”. Hitz horiekin abiatu du hitzartzea Arruti diputatuak.
Haren esanetan, bi aldeen arteko “lan eta elkarrizketa handiko hilabeteak” izan dira, “baina merezi izan du”. Diputatuak balioa eman dio akordioari: “Esan genezake datozen hamar urteetarako kudeaketa akordio egonkor bat badaukagula. Gure ustez aurrerapauso garrantzitsua da, honek behar den patxada emango baitigu aurrerantzean egin beharreko lanak egiteko. Lan hori abeltzainen mesedetan izango dela ziur gaude, gure elikagaien, biodibertsitatearen eta lurralde oreka berdearen mesedetan izango dela ziur gaude”.
Bi helburu nagusi dituen plana
Aurreko urteko uztailean Hazi fundazioari eskatu zioten bi aldeek Enirio-Aralar Mankomunitaterako Plan Orokor bat lantzea. Bi helburu nagusi ditu, Arrutik nabarmendu duenez: “Alde batetik, natur eta kultur ondarea babestea eta zaintzea, eta bestetik, eta artzaintza jarduera indartzea eta mendiko abereen presentzia orekatua bermatzea”.
Plan orokorra ingurumen, gizarte eta ekonomia ezaugarrien “azterketa zorrotza eginez eta zonak dituen babes erregimenak errespetatuz” garatu dela jakinarazi aldundiko ordezkariak, eta plan orokor hori hedatzeko parte hartze prozesu bat egin dela Gipuzkoako hainbat eragilerekin. Abeltzainak eta haien erakunde sektorialak, ingurumen talde kontserbazionistak, Aranzadi Zientzia Elkartea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Gipuzkoako Mendi Federazioa eta Landa Garapeneko elkarteak dira eragile horiek.
Sei eremutako proposamenak
Arrutiren esanetan, planak Aralarren lehentasuna duten proposamenak ezartzen ditu, “natur eta kultur ondarearekin eta eremu horren erabilerarekin” lotuta. “Abeltzaintzari dagokionez, zein da erronka nagusia? Mendia eta paisaia naturala kontserbatzea, Aralarko paisaiak Gipuzkoaren nortasunaren erreferente bat da eta gure ardura zaintzea. Abeltzaintza sektorea aldaketa sakona jasaten ari da, eta aldaketa horren aurrean birkokatzea eskatzen du. Horregatik, planak ekipamenduak eta lan baldintzak hobetzeko hainbat proposamen jasotzen ditu. Besteak beste, Aralarko hiru eremutara zerbitzua emateko bide azpiegituren garapena jasotzen du: Elutxeta, Arritzaga eta Pagabe. Azpiegitura eta hobekuntza hauetako bakoitzak dagozkion ingurumen eragineko baimena eta izapidetze administratiboa bete beharko ditu noski”.
Plan orokorrak bestelako jarduerak ere jasotzen dituela aipatu du: “Klima aldaketaren mehatxuaren aurrean basoen erresilentzia hobetzea, kultur ondarea ezagutarazi eta zabaltzeko interpretazio euskarriak sortzea, hezegune, flora mehatxatu eta fauna intereseko gune eta kobazulo babesteko hainbat neurri eta abar. Plan honekin batera, arlokako beste azpi-plan batzuk egitea ere adostu dugu. Eta baita ere ordenantzen eta bide azpiegituren erabilerarako araudia lantzea ere”.
“Esan genezake datozen hamar urteetarako kudeaketa akordio egonkor bat badaukagula. Gure ustez aurrerapauso garrantzitsua da, honek behar den patxada emango baitigu aurrerantzean egin beharreko lanak egiteko”
“Abeltzaintza sektorea aldaketa sakona jasaten ari da, eta aldaketa horren aurrean birkokatzea eskatzen du. Horregatik, planak ekipamenduak eta lan baldintzak hobetzeko hainbat proposamen jasotzen ditu”
Xabier Arruti. Lurralde Oreka Berdeko diputatua
Finantzazioari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero 350.000 euroko ekarpena egiteko eta inbertsioak egiteko konpromisoa hartu du. Aldiz, Enirio-Aralar mankomunitateak, erakundearen egitura eta langile kostuak bere gain hartzeaz gain, plan desberdinak gauzatzeko “baliabide nahikotasuna” bermatzeko konpromisoa hartu du.
Bi aldeek Plan Orokorrean jasotako ekintzen urtez urteko onarpena eta jarraipena egiteko bi erakundeen arteko Jarraipen Batzordea bat osatuko dute datozen 10 urteei begira.
Enirio-Aralar bere osotasunean
Adur Ezenarrok hartu du hitza segidan, eta akordioa ez dela ezeren bukaera aipatu, hasiera bat baizik: “Dakizuen bezala, eta nolabaiteko baliokidetasun bat eginda, Plan Orokorra deitu diogu udalerrietan ezagutzen ditugun planen antzeko plangintza bat proposatzen dugulako: hau da, marko orokor bat Enirio-Aralarko lur guztiak hartuko dituena, eta bertan erabilera, jarduera, eremu eta babeserako gune guztiak aintzat hartuko dituena”
Plana onartua izateko jarraitu beharreko prozedurari ere aipamena egin dio: “Mankomunitateko zuzendaritza batzarrak onartu beharko du, erakustaldi publikoan jarriko da legeak ezarri bezala, dagozkion partaidetza prozesuak egin behar dira eta azkeneko onarpen hori emango luke zuzendaritza batzarrak eta ondoren aldundira igorriko litzateke. Beraz, hasiera baten aurrean gaude”.
Ordiziako alkatearen esanetan, “poliki-poliki” landutako prozesu baten urratsa izan da plana. “Lehen lortu ditugu akordio partzial eta txikiago batzuk, baina ikusten zen beharra nolabaiteko marko orokor bat finkatzeko, Aralarren etorkizunean egin ahal izango diren edozein egitasmo jasoko duen marko orokor bat, eta ez gai puntualen inguruko eztabaida batzuk sortzea. Mendiko artzaintzaren etorkizuna bermatzea ezinbestekoa da, eta urratsak egin beharko ditugula baldintzak hobetuz. Artzaintzari zor diogu Enirio-Aralarren gaur egungo paisaia hein handi batean, eta baita ere txertatu beharra daude ingurumen, kultur eta natur balioa duten gainerako gai guztiekin. Plan honek hori ekarri duela uste dugu. Egitasmo horiek guztiek bete beharko dituzte legez ezarritako prozedura guztiak”.
Akordiorako borondatea
Bi erakundeek akordiorako izaten duten borondatea ere nabarmendu du. “Bada gatazka garaiak gainditzeko garaia. Akordioak beti eskatzen du hasierako posizio horietatik mugiaraztea, eta akordiorako erdibide batera iristea. Beharrezkoa zela aldundiaren eta mankomunitatearen arteko elkar laguntza eta kidetza hori jasotzea. Plan honek gai asko eta jarduera asko jasotzen ditu, eta hori bermatzeko finantza akordioa ere ezinbestekoa zen”.
Eta Aralarren azken urteotan ika-mika handiena sortu duen auziari aipamena eginez bukatu du hitzartzea: “Artzainei zerbitzua emango dieten bide azpiegiturak ere jasotzen ditu, egokitzapenak zati batzuetan berriak, baina nabarmendu nahiko nuke orain arteko eztabaida monopolizatu duen gaia baino gehiago dela Plan Orokor hau. Marko orokor bat da, 2035. urtera arte, elkarlanerako, adostasunerako baliagarria izango dena”.
Kazetarien galderak
Lau galdera egin dituzte ekitaldira hurbildu diren kazetariek, eta laurak Ezenarrok erantzun ditu. Aurre-lanketan parte hartu duten eragileei buruz, hona erantzuna: “Hausnarketa bat egin da lehen fase batean eragile horiekin plan honek jaso beharko lukeen guztiaren inguruan. Hori jaso da. Hor ere oreka bilatu behar da. Honek bere bidea egingo du, eta parte hartu duten eragile hauek eta beste batzuek aukera izango dute bai erakustaldi publikoan eta baita ere jarriko diren bideetan dagozkien erantzunak, alegazioak, ekarpenak egiteko”.
Akordioa behin-betiko onartuta noizko egongo den erantzutea, oraingoz ezinezko zaie: “Ezin dut esan epe zehatza zein izango den. Hemen onartuta ere, aldundiak ere, udalerrietako planekin egiten den bezala, bere legezko txostena igorri beharko digu eta azkeneko berrespen hori eman. Akordio honekin saiatu gara hasieratik adostasun maila hori lortzen ondoren etorri den prozedura hori arintzeko. Erakustaldi publikoan alegazioak erantzun egin behar dira, eta horrek ere ekar dezake prozeduraren dilatazio bat”.
“Nabarmendu nahiko nuke orain arteko eztabaida monopolizatu duen gaia baino gehiago dela Plan Orokor hau. Marko orokor bat da, 2035. urtera arte, elkarlanerako, adostasunerako baliagarria izango dena”
“Gatazka gotortu batek ez du ahalbidetzen eztabaida eraikitzaile bat. Plan orokorrak hori zabaldu nahi du, goazen adostera, denok mugitu gara gure hasierako posizioetatik, goazen eskaintzea marko berri egonkor bat”
Adur Ezenarro. Ordiziako alkatea eta Enirio-Aralar mankomunitateko presidentea
Abeltzainen eta talde kontserbazionistez posizioez ere galdetuko diete agintariei: “Badaude kontrajarriak dauden proposamenak, eta pentsatzen dut bere horretan jarraitzen duten eragile horiek plan honek ez dituela aseko, ez alde batekoak ez bestekoak. Berretsi nahi dut akordioak hori dakarrela, eta 10 urterako indarraldi honek ekarri nahi duena da gatazka egoeratik beste egoera batera igarotzea non eztabaida bera, lankidetza eta argudioak azaltzeko modua beste bat izango den. Gatazka gotortu batek ez du ahalbidetzen eztabaida eraikitzaile bat. Plan orokorrak hori zabaldu nahi du, goazen adostera, denok mugitu gara gure hasierako posizioetatik, goazen eskaintzea marko berri egonkor bat”.
Bideak berriak izango diren ala egun daudenean egokitzapenak izango diren, horixe azken galdera: “Hiru eremu aipatu ditu Xabierrek, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Orduan, Arritzagako eremuan existitzen da bide bat eta hori egokitu beharko da, eta beste bi eremuetan, Elutxetan eta Pagaben, bide horiek ez dira existitzen, orduan zati horietarako aurreikusi beharko da nola egiten diren. Horrez gain, akordioan jasotzen da bide horien egikaritzean inguruan, eta agian aipatu ez dena. Denbora guztian eztabaida jartzen ari gara bideetan, baina bide horiek zertarako, norentzako, zer kontrol neurrirekin eta zer ezaugarriekin… Hori akordioak eta planak jasotzen dute. Bideak bai, norentzat, zer baldintzetan eta zer kontrol mekanismorekin”.