San Isidro bezperakoa, giro onean
Udaberri traketsak ez du laguntzen baratzeetan, eta garaiko produktu asko atzeratuta datoz. Hala ere, giro epelak lagunduta, jende dezente bildu da Ordizian.

San Isidro eguna da bihar, nekazarien eguna, eta gaurko azokan berritasun gutxi baina jendea izan bazen. Goizeko giro onak lagunduta, jende dezente hurbildu da Ordiziara, eguerdi parterako trakestu badu ere.
Ziza eta perretxiko postuak izan dira begirada gehien erakarri dituztenak. Udaberriko ziza izan da gehien ekarri dutena, 370 bat kilo guztira, 10 eurotik hasita 38raino kiloa. Onddoak ere ugari, 75 kilo, 20 eta 38 euro artean. Zizahoriak ere ikus zitezkeen postuetan, 20 eta 26 euro artean.
Aurreko astean lehendabiziko tomateak aipatu genituen, eta gaurkoan postu gehiagotan zegoen aukera; 6 euroan dago kiloa. Gainontzean, ilarra (12 eta 16 euro artean kiloa), kale aza (6 euro), baba txikia (6 eta 8 artean), babarrun beltza (16 eta 18 artean), aza (2 euro), kale aza (1 eta 2 artean) edota babak (6 eta 7 artean) aurki daitezke. Azenario berria 1,80 eta 2,50 euro artean dago, eta udaberriko aza 2 euroan kiloa.
Landareetan ere bada aukera. Berrikuntza bakarretakoa, udako aza landarea izan da, zientoa 15 euroan dago salgai. Tipulinak (3,5 eta 4 euro artean), kukuluak (6-10 euro artean), porru landareak (4 euro), tipulin gorriak (3,5 eta 4 artean) eta haritz-orri urazak (6 eta 10 artean zientoa) osatzen dute eskaintza.
Azken asteetako beste berrikuntzetako bat, Jose Mari Albisu zorroztailearen postua izan da. Gaur jende ugari gerturatu zaio bisitan, kuriositateak eraginda edo. Goen plazan nahiz herriz herri ibiltzen da furgonetarekin eta 652 920 848 telefono zenbakian jasotzen ditu enkarguak.
Aukerarik gehien, loreetan
Maiatz betean, lore aukera zabal eta koloretsua ikus zitekeen plaza atarian, Zaldibiako Azanza mintegikoen postuan. Lehenengo alegriak iritsi dira (1,50 euro unitateko), baita margaritak (8,50 euroan sorta), petuniak (2 euro buruko) eta erreginaren belarritakoak ere (7,50 euroan).
Argazkiak: Arkaitz Apalategi