San Isidro nekazarien zaindariaren eguna ospatuko da Goierrin ere
Bazkariak eta bestelakoak antolatu dituzte hainbat herritan. Ataunen, Kable Eguna eta San Isidro igandean ospatuko dituzte. Araman, Itsason, Seguran, Mutiloan, Zerainen eta Zaldibian ere ospatuko dute San Isidro.

Isidro nekazaria Madril islamiarrean jaio zen XI. mende hasieran. Jakina denez, garaiko lur jabe aberatsentzat lan egiten zuen, jornalari. Lurralde musulmanean jaioa bazen ere kristaua zen fedez, eta hainbat mirari ere egotzi zaizkio. Horregatik, XVI. mendean kanonizatu zuten eta ordutik, maiatzaren 15ean ospatu ohi da San Isidro, nekazarien zaindariaren eguna.
Goierrin ere egingo diote gorazarre nekazarien zaindariari. Seguran, buruhandiak aterako dira 17:00etan. 18:30ean, berriz, pilota partidak izango dira, frontoi zaharrean. Elizaldek eta Bergerak, Uribe eta Garmendiaren kontra jokatuko dute. 20:00etan, ardo partitzea egingo dute plazan, eta ondoren, herri afariarekin borobilduko dute festa.
Zerain, Auzolangiltza dokumentalaren emanaldia izango da 19:00etan, Kultur Etxean, eta ondoren, mokadutxo bat janez borobilduko dute eguna.
Itsason, mahaiaren bueltan juntadizoa eginda ospatuko dute San Isidro eguna. Itsasoko Ostatuan egingo dute bazkaria, 14:00etan elkartuta. Araman, ohiko moduan afaria egingo dute. Ostatuan elkartuko dira.
Zaldibian, aurten ere bazkaria antolatu dute Baserritarren Egunaren harira. Illati jatetxean izango da, 14:15ean.
Ataunen, biharko San Isidro egunarekin lotuta, baina igandean, Kablearen Eguna ospatuko dute, Aia auzoan, eta goiz osorako egitaraua antolatu dute. 11:00etan herriko produktuen erakusketa izango da. 11:05ean, Bixente Eskisabelen bizitzari buruzko dokumentalaren emanaldia izango da. 11:30ean, berriz, kableen lanari buruzko azalpenak emango ditu Lourdes Altunak, eta 11:45ean, aireko kablearen historiari buruzko erakusketa irekiko dute. 12:15ean, herriko artzainen gazta dastaketa hasiko da, eta 14:00etan bazkaria egingo dute Haitzarri elkartean.
Mutiloan, herri kirol saioa izango da, igandean, 12:15ean, plazan.