Zaldibiarren eta oiartzuarren arteko «errebantxa partida»
Ostiralean jokatuko dira lagun arteko hiru partidak, Zaldibiako Resti pilotalekuan.

Hiru urtetan elkarren aurka jokatu dute Oiartzunek eta Zaldibiak Gipuzkoako Herriarteko txapelketan: aurreneko bietan oiartzuarren kanporatu zituzten zaldibiarrak, baina, iaz egindako txapelketa on baten ostean elkarren aurka neurtu zituzten indarrak finalean. Oiartzunek irabazi zuen arren, «harremanak estutu» zituzten pilotarien artean, eta harreman horren jarraipena da ostiralean, maiatzak 16, elkarren kontra jokatuko duten «errebantxa partida». Sarrera doan da, eta taberna zerbitzua egongo da.
Zaldibiako Resti pilotalekuan egin dute hitzordua, 18:00etarako. Hiru partida jokatuko dituzte, hiru kategoriatan, eta ondoren herriko elkartean afalduko dute. Kadete mailan, Beñat Arrese eta Suhar Mantzizidor ariko dira –Enetz Aranburu eta Ekai Armendaritz ordezko–; jubeniletan, Aratz Aranburu eta Aetz Lopez –Lide Lopez ordezko–; eta, nagusien mailan, Alex Sukia eta Aitor Elizegi –Jokin eta Iñigo Mendizabal ordezko–. Unai Lezea Gaztelupe pilota elkarteko kideak azaldu du «arratsalde ederra pasatzea» eta «herritarrei ikuskizun polita eskaintzea» direla helburuetako bi.
Oiartzungo jokalariak honakoak izan dira: kadeteetan, Iradi-Oiartzabal; jubeniletan, Etxepare-Zelaiaran; eta nagusietan, Zabaleta-Leonet.