Datorren ikasturterako izen ematea zabalik, Toberan
Norabide eta Musika elkarrekin taldeek kontzertua eskainiko dute maiatzaren 22an Zegamako plazan.

Tobera musika eta dantza eskolak 2025-2026 ikasturterako izena emateko epea ireki du. Izen ematea interesa duen orori irekita dago, baina 2021ean jaiotako haurrei egin diete batez ere deialdia. Hastapeneko urtean musika hizkuntzan edo dantzan hasiko lirateke haurrak, —azken hau Zegaman soilik— eta aurrerago izango lukete heziketa musika tresna batekin osatzeko aukera.
Datorren ikasturterako eskaintza askotarikoa da: musika hizkuntza, euskal dantzak, pianoa, organoa, txistua eta danbolina, zeharko txirula, gitarra klasikoa eta elektrikoa, trikitia, panderoa, bateria, perkusio etnikoa, txalaparta eta musika taldeetan parte hartzeko aukera. Haurrei ez ezik, helduei zuzendutako hainbat ikastaro ere badaude aukeran. Izen ematea maiatzaren 25era arte dago irekita, tobera.org web gunean.
Kontzertua maiatzaren 22an
Musika irakasteaz gainera, makina bat ikuskizun eta emanaldi antolatzen ditu Toberak urtean zehar. Hala, datorren ostegunean, maiatzak 22, Norabide eta Musika elkarrekin konbo taldeek kontzertua eskainiko dute Zegamako plazan, 19:00etatik aurrera. Norabide Zegamako neska gazteez osatutako taldea da «hilabete gutxiko» ibilbidea duen arren, dagoeneko makina bat emanalditan parte hartu du. Bestalde, Musika Elkarrekin taldeak «ibilbide luzeagoa» du, pandemia garaian Toberak sortutako ekimena batean baitu jatorria. Partaideetako zenbait aldatu diren arren, dagoeneko hainbat emanaldi eskaini dituzte herrian.
Bestalde, maiatzaren 29an, osteguna Oiartzungo Soinuenea museora irteera antolatu dute musika eskolako ikasleentzat. Eroski paretik 16:15ean irtengo dira eta 16:30ean Segurako plazan jasoko dituzte gainerako ikasleak. Itzulera 21:00etarako daukate aurreikusita. Ez da Soinuenea edo herri musikaren txokora Toberak egiten duen lehendabiziko bisita.
Euskaraldiarekin bat
Gaurtik martxan dagoen Euskaraldiarekin ere bat egin du Toberak aurten eta Arigune eta erakunde eragile bezala parte hartuko du ariketa sozial honetan. Aipatu, baita ere, maiatzaren 10ean Jon Maiak eskaini zuen Kantu berri bat gara ikuskizunean parte hartu zuela Toberako Amalur dantza taldeak, ikuskizuneko abestietako baten koreografia batekin.