«Gizarte bezala eurengandik asko dugu ikasteko»
Greziako Lesbos uhartean pasa ditu hiru aste Maritxu Dorronsoro lazkaotarrak, Zaporeak proiektuarekin, bertako errefuxiatuei laguntzen. «Esperientzia gogorra» izan dela aitortu du, eta Euskal Herritik ekarpena egiten jarraitzeko gogoz itzuli da.

Nola sortu zitzaizun Lesbosera joateko aukera?
Betidanik aritu izan naiz herrigintzan lanean, eta gaur egun ere horretan jarraitzen dut. Oraingoan, ordea, zerbait gehiago egin nahi nuen, alegia, beste modu bateko ekarpena.
Lehenagotik nuen Zaporeak proiektuaren berri: banekien Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dieten elkarte bat dela. Asko erakarri ninduenez, beraiekin harremanetan jarri nintzen. Hasieran lagun batekin joateko asmoa nuen, baina azken unean ezin izan zuenez, bakarrik joan nintzen. Etxekoek asko animatu ninduten horretara, eta horrelaxe abiatu nintzen. Hiru asteko egonaldia egin dut bertan.
Zein zen zure eginbeharra bertan?
Sukaldean aritzen gara lanean. Izan ere, kanpalekuko sukaldeetan errefuxiatuak aritzen dira: janaria prestatzen dute, ogia egin, janaria biltegiratu… eta guk, beraien laguntzaile gisa jarduten dugu. Zaporeakek bi arduradun izaten ditu bertan, eta haiek antolatzen dute gure lana, egunero egin beharrekoa zehaztuta; normalean, sukaldean laguntzeaz gain, fruta banatu eta kaxetan sailkatzea, eta ogia egitea izaten dira egin beharrekoetako batzuk. Behin janaria prestatutakoan, tuperretan sartzen dugu, ordenatu eta gero banaketarako prestatu. Boluntarioetako batzuk kanpalekura joaten dira otorduak banatzera, eta beste batzuk sukaldea garbitzen gelditzen dira.
Horrez gain, biltegia ere gure ardurapean egoten da: bertatik elikagaiak ekarri, behar bezala txukundu eta antolatuz.
«Oso gogorra izan da. Ez bakarrik lan kargagatik, baizik eta bertako errealitate gordina ikusteagatik»
Aurreneko aldia izan da?
Duela urte asko Nikaraguan egon nintzen boluntario, sandinismo garaian, brigada batean. Esperientzia hura oso aberasgarria izan zen, baina Lesbosen bizitakoa, guztiz desberdina izan da. Oso gogorra izan da. Ez bakarrik lan kargagatik, baizik eta bertako errealitate gordina ikusteagatik. Oso gogorra egin zait errefuxiatuak kanpalekuetan nola bizi diren ikustea, baliabide eskasekin eta egoera oso zaurgarrian.
Beraiek ez dute ezer egin egoera hori bizitzeko; lurralde jakin batean jaio izanagatik daude horrela. Eskubide politiko eta sozial guztiak urratuak dauzkate.
Nola deskribatuko zenuke bertako errealitatea?
Kanpalekuan bizi dira. Errefuxiatuetako batzuk egunean zehar kanpalekutik atera daitezke, goizeko zortzietatik gaueko bederatzietara, baina itzultzean segurtasun-kontrol zorrotzak pasatu behar izaten dituzte; baimen guztiak erakustera behartuta daude. Beste asko dira, baina, paperik gabe egon eta kanpalekutik ateratzeko aukera bat bera ere ez dutenak. Oso gogorra da.
Errealitate krudela.
Egia esan kolpe gogorra izan da. Hemen, gure egunerokoan, oso eroso bizi gara, erosoegi. Dena eskura daukagu, eta hala ere, kexaka aritzen gara. Lesbosen bizitakoak erakutsi dit gizarte bezala eurengandik asko daukagula ikasteko. Izan ere, pandemiaren ondoren uste nuen gizarte gisa zerbait ikasiko genuela, edo behintzat, kontzientzia pixka bat hartu, baina garbi dago ez garela aurrera egiten ari.
Nahiko nuke jende gehiagok esperientzia hau bizitzea, benetan ikus dezaten zer den bizirautea. Nahiko nuke jendeak kontzientzia gehiago hartzea.
«Lesbosera joan gabe, badira errefuxiatuei laguntzeko hamaika modu»
Eta orain zer?
Esperientzia esanguratsua izan da, baina nire ustez, hemendik bertatik ekarpena egiten hastea dagokigu. Izan ere, Lesbosera joan gabe, badirelako errefuxiatuei laguntzeko beste hamaika modu.
Janari bilketak, esaterako, behar-beharrezkoak dira, eta hemen, Goierrin, ez dira oraindik behar bezala antolatzen. Martxan jartzen saiatzen ari gara orain; etzi, esaterako, Zaporeakeko kide bat Lazkaoko Ikastolara etorriko da hitzaldi bat ematera, eta asmoa da jarduera hori ikastetxe gehiagotara zabaltzea.
Era berean, herrian bertan janari bilketa bat antolatu nahi dugu, baita saltoki handietako bilketak ere. Ekarpen ekonomikoak eginda ere nabarmen lagundu daiteke. Laguntzeko askotariko moduak daude, eta denak dira beharrezkoak.
Errepikatzeko esperientzia al da?
Dudarik gabe edonori gomendatuko nioke bertara joatea. Esperientzia oso aberasgarria da, eta benetan merezi du. Pertsonalki, errepikatzeko aukera izango banu, errepikatuko nuke, baina momentuz, nire helburua epe motzera begira, hemen, etxetik, ekimenei bultzada ematea da. Ea hemen zerbait martxan jartzen dugun, eta gero ikusiko dugu berriz joateko aukera noiz datorren.