Idiazabalgo udaleku irekietan izena emateko epea zabalik, gaurtik
Ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitartean egingo dira udalekuak, bi hamabostalditan. Zaintza zerbitzua ere egongo da. Izen ematea maiatzaren 21ean itxiko da.

Urtero bezala, Idiazabalgo Udalak udaleku irekiak antolatu ditu herriko umeentzat; 2013 eta 2022 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduta. Ekainaren 23tik uztailaren 18ra egingo dira, bi hamabostalditan, 09:30etik 12:30erako ordutegian.
Izena emateko epea gaur, maiatzak 15, zabaldu da eta maiatzaren 21era arte egongo da zabalik. Online, udalaren webgunean, edo liburutegian egin ahalko da izen ematea. Hamabostaldi bakoitzaren prezioa 60 eurokoa da; beraz, hilabete osoa egin nahi duenak 120 euro ordaindu beharko ditu.
Zaintza zerbitzua
Guraso elkartearen eskutik, aurten ere, zaintza zerbitzua egongo da 07:30etik 09:30era. Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko, ige.zaintza@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Eskaera aurrez aurre egiteko izen emate orria deskargatu behar da udalaren web gunean. Bete ondoren, udaletxeko harreran edo liburutegian aurkeztu behar da. Online ere egin daiteke, izapideak edo zerbitzu telematiko bidez.