Kofradiaren kapitulu borobila
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak 35. Kapitulua ospatuko du. Kofradiakide berriak eta ohorezkoak izendatuko dituzte. Luis de Lezamari egingo diote hilondoko omenaldia.

Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak bere kapituluaren urteurren borobila ospatuko du larunbatean. 35. Kapitulua izango dute kofradiakide eta gonbidatuek. Ohi duten moduan, kofradiakide berriak eta ohorezko kofradiakideak izendatuko dituzte.
10:30ean emango diote hasiera egunari. D’Elikatuzen harrera egingo zaie kofradiakideei eta gonbidatuei. Mokadutxoa eta gazten dastaketa izango dute. Ondoren, 11:30ean, Oroith Abesbatzak kontzertua eskainiko die, eta 12:15ean kofradia guztiak desfilean joango dira udaletxeraino.
Adur Ezenarro alkateak harrera egingo die bertan, ekitaldi nagusiari ekiteko. Idoia Aramendi de la Piñera, Garazi Aristu Gelbenzu eta Iñigo Xabier Urretabizkaia Diez izendatuko dituzte kofradiakide berri, eta Felix Goiburu Errazkin artzaina, Romero jantzidenda, Txillida Leku eta Maite Martinez de Albeniz Zabaleta Osakidetzako Osasun Laguntzako Zuzendaria Ohorezko Kofradiakide. Kofradia Babeslea Hazi Fundazioa izango da, eta hilondoko omenaldia Luis de Lezama Barañano apaiz eta Lezama Taldearen sortzaile izandakoari egingo diote.
Amaitzeko, Martinez Jatetxean bazkalduko dute elkarrekin.