Olaran proiektua «bertan behera uztea» eskatuko du oposizioak
EH Bildu, PSE-EE eta Podemos proiektuaren «aurka» agertu dira. Mozioa aurkeztuko du oposizioak maiatzeko udalbatzan. Olaran eraikinaren eraberritzea partekatzen dute, baina ez «modua». Bideoa, albistean.

Beasaingo udaleko oposizioa osatzen duten hiru alderdiek (EH Bildu, PSE-EE eta Podemos) prentsaurrekoa egin dute Olarango talentu faktoria proiektua dela eta. Olaranen eraberritzea partekatzen dute, baina ez daude ados EAJren udal gobernuak aurkeztu duen proiektua erabakitzeko moduarekin. Hori dela eta, maiatzeko osoko bilkurara eramango duten mozioaren berri eman nahi izan diete herritarrei. Horren barruan bi eskaera zehatz egingo dituzte: «Oraingo proiektua bertan behera uztea; eta Olarango eraikinaren etorkizuna bere osotasunean definitzeko partaidetza-prozesu integral bat abian jartzea, adostasun zabaleko proiektu bat garatzeko».
Hiru arrazoi nagusi plazaratu dituzte. Lehenik eta behin, proiektuaren garapenean «gardentasun falta» izan dela nabarmendu dute. «Herritarrei eta oposizioko alderdiei bizkar emanda. Udal Gobernuak ‘Olaran Talentu Faktoria’ proiektua 2024ko urriko batzordean aurkeztu zigun lehen aldiz. Batzorde honen aurretik, oposizioko alderdiek ez genuen inolako informaziorik jaso», bat etorri dira EH Bilduko, PSE-EEko eta Podemoseko ordezkariak. Eta ondoren ere, gauzak bide beretik jarraitu zutela adierazi dute: «Ez zaigu aukerarik eman parte hartzeko, ezta iritzia emateko ere». Gainera, Udal Gobernuak herritarrei parte hartzeko aukera zabaldu diola badio ere, oposizioak dio, «bi batzar» egin, egin direla, baina «informatiboak baino ez» direla izan, beraz, eta ez dutela aukerarik eman «proposamenak edo ekarpenak egiteko». Hori horrela, Udalak egunotan antolatu dituen parte hartze saioak ez dituzte begi onez ikusten, «aurrez erabakitako espazio jakin batera ari direlako mugatzen eta ez eraikin osora.
Oposizioak Olaran talentu faktoriari buruzko mozio hau aurkezteko bigarren arrazoia da, «adostasunik gabeko aldebakarreko proiektua» dela. Nabarmendu nahi izan dute, Olaran eraikinaren eraberritzea, azken hamarkadan Beasaingo Udalak egindako inbertsio publiko «garrantzitsuena» izatea aurreikusten dela. Udal Gobernuak berak aurkeztutako kopuruen arabera, 8 milioi euro ingurukoa izango da inbertsio hori. Oposizioko alderdiek gogoratu duten moduan, «beasaindar guztion ekarpen ekonomiko handia suposatuko du», eta ondorioz, uste dute, «garrantzitsua» dela Olaran zaharraren eraberritzea «ahalik eta kontsentsu zabalenarekin egitea».
«Aurkako iritziak»
Oposizioko alderdi guztiak, hala, «proiektuaren aurka» azaldu dira, eta gaineratu dutenez, proiektu honek herritarren artean izan duen harrera «ez da ona izan». Izan ere, Udal Gobernuak informazioa zabaldu ahala «aurkako iritziak» zabaltzen joan direla gogoratu dute prentsaurrean: «Esate baterako, udalak antolatu dituen batzar irekietan herritarrek egin dituzten kritikak, edota orain dela gutxi, herritarren ekimenez egin den batzar irekia Olaran Beasaindarrokin lelopean», zehaztu dute.
Hirugarren arrazoi bezala, azpimarratu dute, «Olaran eraikina beasaindarrei zerbitzua ematera bideratuta» egon behar duela. Eremu horren eraberritzea, Beasainek gaur egun dauzkan «hainbat erronkei erantzuteko aukera» ematen duela adierazi dute. Bide horretan aukera desberdinak eman dituzte, hala nola, «Erdigunea eta Ezkiaga auzoa lotu, kultur ekipamendu gehiago eskaini, etxebizitza eskuragarriak gehiago izan, edota Beasainen garapen sozialerako espazioa eraiki».
Maiatzaren 29an izango da osoko bilkura.