Hasi dira Eitzagako jaiak!
Eitzagako bizilagunak San Isidro eguna ospatzen ari dira. Meza egin dute eta ondoren Irrika elkarteak hamaiketakoa eskaini die auzoko jubilatuei. Astebururako ekitaldi asko antolatu dituzte. Ostiralean, 17:30ean, txotxongilo ikuskizuna eta txokolatada egingo dituzte San Gregorio kalean. 18:30ean buruhandiak aterako dira, toki beretik. 19:00etan txupinazoa egingo dute eta txosna irekiko dute. Ondoren, Trapalata txarangak auzoko kaleak alaituko ditu. 21:30ean, ermitan, herri afaria egingo dute. Ondoren, bingoan jokatuko dute. Afarirako txartelek 25 euro balio dute. Eitza eta Korta tabernetan, Josune janari-dendan eta Endaia okindegian eskura daitezke. Ostiraleko ekitaldiekin bukatzeko, gauerdian DJ Xagardorekin eta DJ Inaxekin dantza egingo dute.
Larunbaterako, bost ekitaldi antolatu dituzte: 12:00etan toka txapelketa jokatuko dute, 13.00etan Zu Dantzaz taldeak dantzaldia egingo du San Gregorio kalean, 17:00etan haurren krosa hasiko da, 19:30ean Joseto ta Alayak elektrotxarangak auzoko kaleak girotuko ditu eta 23:30ean Iratzar erromeria taldeak txosna gunean joko du. Krosean parte hartzeko asmoa duten haurrek 16:30etik aurrera eman behar dute izena.
Jaiak igandean bukatuko dira. 10:00etan, Antxiñako Ama txistulari taldeak goiz eresia egingo du. 10:30ean meza egingo dute ermitan. Mezan Goiargi abesbatzak abestuko du. 12:00etan, Zumarragako bandak auzoko kaleetan joko du. Ordu berean, gaztetxoen arteko pilota partidak jokatuko dira auzoko pilotalekuan. Pilota partidak Beloki pilota eskolak antolatu ditu. 13:30ean Alaitasuna errondailak auzoko kaleak girotuko ditu.
15:00etan bazkaria egingo dute. Paella jana, hain zuzen ere. Bazkarirako txartelak 5 euroan jarri dituzte salgai Eitza, Korta, Bidezar, Buhame eta Urzubi tabernetan, Josune janari-dendan eta Eitzako Endaia okindegian. Bukatzeko, 18:00etatik aurrera Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak auzoko kaleak girotuko ditu.