Udaberriko Azoka Itsasondon, hamar ekoizlerekin
Ekoizleen azokaz gain, Tio Teronen Semeak taldearen emanaldia izango da amaieran, baita bigarren eskuko arropa uzteko aukera ere.

Udaberriko Azoka egingo dute bihar Itsasondon, arratsaldean, plaza eta frontoi inguruan. Ekoizleen azokaz gain, Tio Teronen Semeak taldearen emanaldia izango da amaieran, baita bigarren eskuko arropa uzteko aukera ere.
17:00etatik 20:00etara jarriko dute azoka. Hamar ekoizlek parte hartuko dute: Mercedes Bilbaok (Zarautz) lepoko, pultsera eta belarritakoekin; Laura Arroyo del Riok (Itsasondo) harri margotuekin; Gerriko Kultur Elkarteak (Lazkao) euskarazko liburuekin; Agurtzane Alkaiagak (Ibarra) eskuz egindako poltsa, motxila eta osagarriekin; Julene Bariganak (Durango) bandeja, jarroi, edalontzi, belarritako eta hileko pintzekin; Laura Pachecok (Hernani) eguzkitako eta giltzatakoekin; Iratxe Irigoienek (Gabiria) amantala, oihalezko jantzi eta osagarriekin; June Agirrek (Lizartza) 3Drekin egindako belarritakoekin; Esther Gonzalezek (Hernani) kotoizko kamiseta eta zetazko zapiekin; eta Ana Gorostizuk (Arama) ukendu, olio eta kremekin.
Doinu ezagunak
Bigarren eskuko arropa jasoko dute 17:00etatik 18:00etara. Egoera onean dagoen eta erabiltzen ez den arropa uzteko deia egin dute. Bihondakin erakusketa ere egongo da, berrerabilpen sortzailearen aukerak plazaratuta eta hondakinen kudeaketara hurbilpen bat eskainita.
Arratsaldeari amaiera emateko, 20:00etan, Tio Teronen Semeak taldeak Haurreskolari dantza ikuskizuna eskainiko du, doinu ezagunekin.