Bele Gazteko 43 gazte boluntario aurtengo Zegama-Aizkorrin
Bidegurutzeetako lanak egingo dituzte gehienek datorren martxoaren 25ean. Bihar, Junior Trail lasterketako ibilbidea egingo dute egin beharreko lanak zeintzuk diren bertatik bertara zehazteko.

Urtero bezala, Bele Gazte gaztelekuko hainbat kidek Zegama-Aizkorri Junior Trail lasterketako ibilbidea egingo dute larunbat honetan. Bihar, 15:30ean egina dute hitzordua Bele Gazte gaztelekuan.
Gaztelekuko 15 eta 18 urte bitarteko gazteei Zegama-Aizkorri mendi lasterketan boluntario gisa aritzeko aukera ematen zaie urtero. Otsailean egin zuten deialdia eta aurten 43 gazte arituko dira bolondres lanetan maiatzaren 25ean.
Helburu bikoitza duen irteera
Biharko irteerak helburu bikoitza dauka Ainitze Azurmendi, Zegamako Udaleko gazteria suspertzaileak esan duenez, maiatzaren 25ean izango dituzten zereginak azalduko zaizkie ibilbidean zehar, “non egon behar duten, zer egin behar duten…”. Gehienak bidegurutzeetan izaten dira, korrikalariei bidea markatzen. “Boluntario gisa izena eman duten 43 gazte horietatik 40 bidegurutzeetan egongo dira aurten, eta beste hiruak eskoba lanak egingo dituzte, lasterketaren amaieran”, esan du.
Ekimen honen bitartez, gazte hauek “etorkizunean ere Zegama-Aizkorri mendi maratoian eta Kilometro Bertikalean boluntario izaten jarraitzea” da beste helburuetako bat. 18 urte beteta pasatzen dira ardurago gehiagoko lanak hartzera “nerabe direnean dinamika honetan sartuta, errazagoa da gero jarraitzea”, esan du. Izan ere Zegama-Aizkorri maratoia kirol proba bat baino gehiago da “herri ekimen bat da”, dio Azurmendik eta horregatik garrantzia ematen dio “herri mailako ekimen batean gaztetatik parte hartzea, laguntzea”.
Korrikalarientzako poltsak
Larunbat honetako hitzorduaz gain, datorren astean Zegama-Aizkorri maratoia amaitzen duten korrikalariei banatzen zaizkien Eusko Label produktuekin osatutako poltsak prestatzeko ardura ere izango dute gazte hauek.

Gazteak iaz, korrikalarientzako poltsak egiten gaztelekuan. BELE GAZTE