Hasi da Euskaraldia Ormaiztegin ere
Dantzarekin eta mural koloretsu batekin ekin diote Euskaraldiko egitarauari. Gaur arratsaldean, hika-potea Ein GO! taldearekin.

Atzo arratsaldean eman zioten hasiera Euskaraldiari Ormaiztegin. Aurtengo Euskaraldiaren ikur den Bulego taldearen Gure bihotzaren taupadak abestiak protagonismo berezia izan zuen atzokoan. Lehenengo San Andres herri eskolan dantzan aritu ziren eta gero taldeko argazkia atera zuten Euskaraldiarekin bat eginez.
Eskolatik herrigunera lekualdatu zen arratsaldean festa. Eliza aurreko plazan elkartuta beste dantza saio bat egin zuten helduek zein haurrek eta elkarrekin mural koloretsu bat ere sortu zuten.
Hitanoa eta bertsoak
Bustirialdeko Ein GO! taldearekin hika-poteoa antolatu dute gaur, 19:15etik aurrera. Izan ere, Euskaraldiarekin batera, hitanoa hauspotzeko helburuarekin Hikaldia ere proposatu dute aurtengo ekinaldirako. Hain zuzen, Ormaiztegiko batzordeak hitanoa erabiltzeko konpromisoa hartu du aurten Hikaldian izena emanda eta horretara animatu dituzte baita, gainontzeko herritarrak ere. Ein GO! taldeak eskainiko dituen abestien eskuorriak Ormaiztegiko hitanoan banatuko dituzte gaur arratsaldean.
Gainera, maiatzaren 23rako bertsoa afaria ere antolatu dute. Aratz Igartzabal, Potto eta Eneko Araiztegi, Korta arituko dira bertsotan Baso-Txulo elkartean 21:00etatik aurrera. Afarirako txartelak dagoeneko salgai daude Ormaiztegi App-ean igande gauerdira bitartean. Afarirako txartelak 20 euro balio du eta menua ondokoa izango da: baratxuri zopa, solomoa tomate eta piperrekin eta arroz esnea. Kafea, pastak eta pattarra eta ogia, ura, sagardoa eta ardoa barne. Afal ondorenean, edariak elkarteko barran erosteko aukera ere izango da.