Korrikalariek zain dute Txindoki
IV. Txindokiko Kilometro Bertikala da, Goierri Trail Koparako puntuagarria. 230 korrikalari aterako dira, kategoria desberdinetan: 53 emakume eta 177 gizon. Ikusleei Tximista bidean ez egoteko eskatu diete, «arriskuak saihesteko».

Bihar goizean jokatuko da IV. Txindokiko Kilometro Betikala mendi lasterketa, Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Koparako eta Goierri Trail Koparako puntuagarria dena. Larraiztik (Abaltzisketa) abiatuko dira korrikalariak, Larrunarri gainera, aurretik beste zenbait txokotatik igarota. Eguraldi ona dago iragarrita, eta lasterkariek min ez hartzea, jaitsiera arriskutsuenak ondo joatea, korrikalariek sufrimendu horretan ahalik eta gehien gozatzea eta hilabete luzeetako lanaren emaitza egun horretan islatzea espero dute antolakuntzako kideek. Guztira 230 korrikalari daude izena emanda, kategoria desberdinetan.
Orotara, 53 (lasterkari guztien %23a) emakumezko eta 177 (lasterkarien %77a) gizonezko dira, iaz baino bost emakume gehiago. Janire Agirre mendi lasterkari eta antolakuntzako kideak adierazi du aurtengoan ere «ziztu-bizian» bukatu direla dortsalak, «izena emateko epea ireki eta hiru ordura», hain zuzen.
Gaintzako bidegurutzetik
Aurreko edizioetako ibilbide bera izango du biharkoak. Korrikalariak Larraizko aparkalekutik abiatuko dira lauko taldetan, baina aurreneko metroak errepidean beherantz eta neutralizatuta egingo dituzte, Gaintzako bidegurutzeraino. Hor hasiko da karrera, eta orduantxe zabalduko da «estrategietarako tartea», Agirreren arabera: «Korrikalari bakoitzak erabakiko du bidegurutze hartatik noiz atera».
Hortik aurrera, guztia gorantz izango dute, Larrunarriren gailurreraino: 3,6 kilometro luzean eta 980 metroko desnibel positiboa. Oriako iturrian kontrolgunea egongo da, eta handik Tximista bidetik jarraituko dute. Ikusleei Tximista bidean ez egoteko eskatu die antolakuntzak, «lurraren higadura eta harri erorketa arriskuak saihesteko».
Faborito nabarmen
Ibilbide horretan indarrean dauden denbora-errekorrak duela bi urteko edizioan ezarritakoak dira, eta besteen artean, horietako batzuk aurtengo faboritoak direla azaldu du Agirrek. Gizonezkoetan, Iu Net Puig katalana da garaipenerako hautagai nagusia, orain bi urteko errekor marka nagusiena berea izanda; 34:22 minutu behar izan zuen lasterketa amaitzeko. Euskal ordezkarien artean ere maila handiko korrikalariak izango dira lehian: sasoi betean dauden Oier Zubeldia, (Amezketa, Gipuzkoa), Ibai Larrea (Antzuola, Gipuzkoa) eta Hodei Samaniego (Sestao, Bizkaia), hain zuzen ere.
Emakumezkoetan, berriz, Naiara Irigoien burlatarra nagusitu zen orain bi urte, 40:20 minutuko lasterketa eginda, baina aurtengoan, Onditz Iturbe (Igorre, Bizkaia) da faborito nagusia. «Azkenaldian erakusten ari den sasoia ikusita, ez dirudi lehiakideek aurrea hartzeko aukera handirik izango dutenik», azpimarratu du Agirrek.
Giro ederra
Prestaketa lanak amaituta, ibilbidean zehar animatzera gerturatuko den jendearen giroarekin eta lasterkariek egingo duten igoerako esfortzu bereziarekin, «giro eta egun ederra» espero dute antolatzaileek.